Hiru antzerki-testu aurkeztu ditue Ganbila bilduman

Bizkaie! 2021-04-23 10:25   Kulturea

Jon Gerediaga, Gaizka Sarasola eta Agus Perez dira egileak.

Oier Guillan, Jon Gerediaga, Gaizka Sarasola eta Agus Perez (argazkia: Armiarma) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko antzerki-lanak bultzatu eta argitaratzeko sortu eben Susa argitaletxeak eta EHAZE antzerkizaleen alkarteak Ganbila izeneko bildumea, eta asmoari sendo eutsi deutse. Asteon Donostian aurkeztu ditue bildumea aberastera datozan hiru liburu, beste horrenbeste autorek idatziak. 

Jon Gerediagaren Dama; Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan; eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak dira hiru liburu barriak. 

Damaren ahotsa dakar Gerediagak bere testuan, poesiazko berba misteriotsu eta iradokitzaileak. Hortik abiatuta, Dama-n naturearen kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu izkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa ezagutu geinkez, sinopsiaren arabera. Nire asmoa beti izan da tensinoan dagozan muturrak adostasunera eroatea, adierazo dau Gerediagak aurkezpenean.

Lesakako Mairu Antzerki Tailerrean egiten dabizan lanaren ondorioa da, bestetik, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan. Teatro herrikoia sortzeko asmoz, proposamen barritzaile eta ausarten alde egiten dabe, ze, Pier Paolo Pasolinik esan eban lez, antzerki erraza burgesena da, antzerki gatxa elite burges ikasiena eta antzerki oso gatxa da herrikoiena. 

Azkenik, Agus Perezek bere esperientziatik abiatuta sortu dau Aititaren betaurrekoak antzerki-testua. Egunkarian pilo bat antzezlanen kritikak idatzi ditu luzaroan, eta kritikari izatearen izkutuko aldearen barri emon dau liburuaren lehenengo zatian; bigarrenerako, berak idatzitako 30 kritika aukeratu, eta gaur egungo ikuspegira ekarri ditu. 

Oier Guillan antzerkigile, EHAZEko kide eta bildumako koordinatzaileak gidatu dau aurkezpena. Haren esanetan, Ganbilaren helburua euskal antzerkigintzearen momentuan momentuko autoreei lekua egitea da, euskal teatroaren ikuspegi zabala osotzen joateko.

Pixkanaka potolotuz doan proiektua da Ganbila bildumea. Urtero sei liburu argitaratzea da helburua, hiru udabarrian eta beste hiru udagoienean. Dagoeneko, 12 liburu, 13 egile, 11 antzerki konpainia eta 20 antzezlan dagoz argitaratutakoen artean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu