Bizkaian eta Araban, zenbat-gura ekimen Liburuaren Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2021-04-23 08:17   Kulturea

Herritarren artean irakurketea bultzatzea da asmoa.

BFA-k #Liburukatea dakar, sare sozialetan herritarrek gomendatutako irakurgaien kate bat sortu deien. Gainera, euskerazko material didaktikoen bilduma aberatsa ezagutzera emoteko, Foru Liburutegiak gida bibliografiko bat atondu dau euskarri digitalean hirurogei argitalpen baino gehiago dakarzana. Era berean, aldundiaren museo eta aretoetan ikusgai dagoz tokiko egileek sortutako zortzi esaldi literario Inspirate proiektuaren eskutik. Esaldi bakotxagaz batera, egilearen eta lanaren izenak eta erabiltzailea proiektuaren webgunera eroango dauen QR kode bat agiri dira.

Erronkan parte hartu dabe kultura eta kirolaren sektoreko ordezkariek, besteak beste, Ylenia Bagliettok, Lander Otaolak, Itziar Ituñok, Ugaitz Alegriak, Nerea Mazok, Maren Margarette Kattalinek eta Garazi Sanchezek. Euskeraz eta gaztelaniaz ez eze, besteren artean, italieraz, ingelesez edo portugesez be konpartidu da erronka, egunotan liburuak sare sozialetan protagonista izan daitezan.

Beste alde batetik, Foru Liburutegiak gida bibliografiko bat atondu dau euskarri digitalean liburutegiko funtsetan ume-didaktikeari buruzko hirurogei argitalpen baino gehiagogaz.

Ume-didaktikako argitalpenak euskeraz Foru Liburutegian (1800-1975) gideari esker, Foru Liburutegiak zabalkunde didaktikorako tresna eraginkorrak izan daitekezan funtsak zabaldu gura ditu. Gida eskuragarri dago hemen

Aldundiaren museoek eta aretoek be bat egin dabe Liburuaren Nazinoarteko Eguna ospatzeko ekitaldiakaz eta, esangura horretan, museo eta aretoetan dagoeneko ikusgai dagoz aitamen literarioak. Holan, La Encartada Fabrika-Museoan, El Pobaleko Burdinolan, Arkeologi Museoan, Arrantzaleen Museoan, Euskal Herria Museoan, Txakolingunean, Rekalde Aretoan eta Ondare Aretoan ikusgai egongo dira pintautako hiru esaldi eta binilozko beste bost esaldi.

Liburuaren Nazinoarteko Eguna Artium Museoan

Jentaurreko Irakurraldietan, arte eta kultura garaikideko testuen irakurraldiotan liburuak irakurleen bila joango dira. Kulturearen arloko profesionalak gonbidatzeaz gan, irakurketearen esperientzia konpartidu gura daben persona guztien topagune izan nahi dau jarduera honek. Nahi duaenak bere testua ekarri ahal izango dau, artearen eta kulturearen munduari lotua. Parte hartzeko txanda bat hautatu behar da biblioteca@artium.eus helbidera mezu bat bialduta eta hartu-emonetarako telefono bat eta ordutegiari jagokon lehentasuna adierazoz.

Ama aldizkariaren 0 alearen aurkezpena. Zeru bat, hamaika bide

Artium Museoak aldizkari bat jarri dau martxan eta lehen zenbakia lurraldekoko praktika artistikoei eta horreek nazinoarteko testuinguruagaz dituen loturei buruzko hausnarketara bideratuta dago, Museoaren erakusketa-programearen arloakaz bat etorriz eta, zehazki, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian izeneko tesi-erakusketeagaz. Argitalpen-batzordeak egingo dau aurkezpena.

Bookcrossing

Artium Museoak bookcrossing esperientzia bat edo liburuak askatzeko kanpaina bat sustatu dau hamabosgarren urtez jarraian baina aurten birtuala izango da.

Museo eta arte zentroek bideo bat konpartiduko dabe hilaren 23an sare sozialetan eta bakotxak bere argitalpen edo bildumetako bat gomendatuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu