Baga-Bigak 15 urte bete ditu diskogintzan
2021-04-22 10:45 MusikeaZerbitzu osoa eskaintzen deutse musikariei, edizinotik sustapenera.
Euskal musikagintzearen eragile esanguratsuetako bat bihurtu da azken urteotan Baga-Biga bulegoa, bertoko talde eta bakarlari ugariren diskoen argitalpena, management-a eta sustapena bere esku dagoan ezkero. 2006an sortu zan, eta, beraz, egunotan 15 urte bete ditu proiektuak.
Hamarkada eta erdiko ibilbidean, ehundazak disko plazaratu dira Baga-Bigaren zigilupean. Lehenengoa, 2006an, Noizean Behin taldearen Inoiz kontatu ez nizkizunak izan zan. Gaur egun, bulego integral edo 360 gradukoa eskaintzen deutse sortzaileei. Hau da, diskoetxearen ohiko zerbitzuez gan, management-a, edizinoa, soinua, argiztapena, sustapena, produkzinoa eta abar be egiten ditu, baita kultura ekitaldiak antolatu be.
Sortu zanean, Baga-Bigaren helburuetako bat izan zan Euskal Herriko musikearen eta, batez be, euskeraz egindako musikearen zabalkunderako bulego integral eta globala izatea, artista-musikariei erantzun profesional guztiak bermatzeko kudeaketa sendo eta afektiboagaz. Filosofia horri tinko eutsi deutsela ziurtatu dabe.
Hori dala eta, Baga-Bigak editau, argitaratu edo sustatutako disko gehienak euskerazkoak dira. Badaukaz, baina, gaztelaniaz edo hizkuntza baten baino gehiagotan abesten daben euskal taldeak be. Euskerazko musikea bultzatzeko bestelako ekimen batzuetan be parte hartzen dau, adibidez, luzaroan izan zan Banden Lehiako laguntzaile.
Ez dira sasoi onak musikagintzan, berez, baina teknologia barriek eta ohitura aldaketek ataka txarrean itxi ditue diskogintzako enpresak. Halandabe, urteotan bere bidea egiten jakin dau Baga-Bigak, eta aurrerantzean be, horretan segitzeko asmoa dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!