Ikerlan bi sarituko ditue II. Iñaki Arregi Bekan

Bizkaie! 2021-04-22 09:42   Euskerea berbagai

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 28ra artekoa da.

Udalerri euskaldunen garapena aztertu, ikerkuntzea bultzatu eta euskal soziolinguistikearen inguruko ezagutzea zabaltzeko asmoz, UEMAk Iñaki Arregi Bekearen bigarren edizinorako deia egin dau. Besteak beste arlo demografikoa, sozioekonomikoa, soziokulturala edo sozioekologikoa oinarri hartuta, herri euskaldunen aurrerabiderako egon leitekezan askotariko moduak ikertu eta landuko dituen ikerketa bi lagunduko ditue bekearen bidez.

UEMAk emoten dau mankomunidadeko koordinatzaile izan zan Iñaki Arregiren ekarpena gogoratzen dauen beka hau. Kontseiluak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dabe ekimena. 

Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea maiatzaren 28an amaituko da, eta epaimahaiak bagilaren 30ean jakinarazoko dau irabazle biak zeintzuk diran. Egun horretatik aurrera, saridunek hamar hileko epea izango dabe ikerlanak aurkezteko, gitxienez 75 eta gehienez 200 orrialdekoak. Irabazle bakotxari 6.000 euro emongo deutsez. 

Proposamenak banaka zein taldeka aurkeztu leitekez. 2018an aurkeztutako Udalerri euskaldunak: prebentziotik garapenera txostena erabili leikie, nahi izan ezkero, ikerlana egiteko oinarritzat. 

Irakurri oinarriak hemen.

2010era arte izan zan Iñaki Arregi UEMAko koordinatzaile. Euskaltzale sutsua, UEMAren ekarpena eta zabalkundea ezinbestekotzat joten eban euskerea normalizetako, eta, horregaitik, erakundearen arimea izan zan sorreratik bertatik. Orain dala hamaika urte hil zan Arregi, eta 2019an antolatu eban UEMAk lehenengoz haren izena daroan bekea. 

Orain zabaldu daben deialdian legez, 2019koan be saritu bi egon ziran. Joseba Garmendiak Tokiko garapen estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia lanagaitik irabazi eban; Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak izenburuduna aurkeztu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu