D ereduaren alde egin dabe Nafarroako euskalgintzako eragileek

Bizkaie! 2021-04-22 08:40   Euskerea berbagai

Errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea zabaltzeko atea euskerea dala dinoe.

D ereduaren aldeko deia egin daben eragileetako ordezkariak (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste gitxi barru hasiko dan matrikulazino kanpainea dala eta, agerraldi bateratua egin dabe Nafarroan euskalgintzan dabizan eragile ugaritako ordezkariek. Euskerazko D ereduak norbanakoari zein gizarteari ekarten deutsazan onurak aitatu, eta euskerazko irakaskuntzearen alde egiteko eskatu dabe. 

Agerraldian egon dira Kontseilua, Behatokia, AEK, IKA, Topagunea, UEU, Nafarroako Ikastolak, Sortzen, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Alkartea eta guraso ugari. 

Danek batera agertu nahi izan dabe jentaurrean, euskereak batu egiten dauela erakusteko, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera. Euskerearen eta euskerazko irakaskuntzearen inguruan gabizanok besoak zabalik gagoz komunidadea handiagoa izateko, inor kanpoan ez ixteko.

Eredurik inklusiboena da, zalantza barik, euskerazko eredua, ganeratu dau Bilbaok. Askotarikoak gara Nafarroan, eta alkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea zabaltzeko dogun atea da euskerea.

Beste ereduek emoten ez dituen aukerak emoten ditu D ereduak, agerraldian parte hartu dabenen esanetan. Esate baterako, munduari euskerearen betaurrekoetatik begiratzeko aukerea, Nafarroako errealidadea hobeto ulertzeko. Bardintasuna eta kohesinoa oinarri, komunidadea egiteko balio dau euskereak: geurea erakutsi baina besteena ezagutu.

Hartu eta emoteko baliogarria dan eredutzat jo dau Paul Bilbaok. Ikasleen jatorriari begiratzen deutso D ereduak, bai, baina ikasle guztiak bardintasun-erespideen arabera hezten ditu. Horrexegaitik, gitxiago dauenari gehiago emoten deutso, zertarako eta derrigorrezko hezkuntzea amaitzen dabenean euskerearen gaitasun bardinak izan deizen

Horregaz lotuta, etorkinek D eredua ez dala eurentzat pentsetan dabe sarri. Agerraldian egon diran eragileek zehaztu dabe kontrara dala, danek daukielako bertoko hizkuntzea ikasteko eskubidea, eta euskeraz jakiteak aukera bardintasuna dakarrelako. 

D eredua hamarkadaz hamarkada sendotu dala azpimarratu dau Behatokiko Agurne Gaubekak, hezkuntzako eragileek egindako lanari esker. Arlo bi ekarri ditu gogora: Alde batetik, euskereaz eta gaztelaniaz gan, hirugarren hizkuntza bat egoki ezagutzea ahalbidetzen dauen eredu bakarra da; bestetik, lekuan lekuko kultura eta izakera anitzeko errespetua lantzeko balio deutse umeei.

Horrenbestez, aurrematrikulazinoan D ereduaren alde egiteko eskatu deutse Nafarroako gurasoei, errespetua eta bizikidetzea helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu