Juan Arratiakoari omenaldia egin deutse Bilboko Itsasmuseumen
2021-04-21 13:15 KultureaElkanogaz munduari lehenengo birea emon eutsanetako bat izan zan.
Areto barria zabaldu dabe Bilboko Itsasmuseumen, eta Juan Arratiakoa XV. mendeko marinelaren izena ipini deutse. Uriaren historia, hasiera-hasieratik hona, aztertzen dauen aretoa izango da aurrerantzean. Amaia Arregi Bilboko alkateordea, Gonzalo Olabarria zinegotzia, Jon Ruigomez museoko zuzendaria eta Udaleko talde politiko guztien ordezkariak izan dira ekitaldian.
Aretoa zabaltzeaz gan, Juan Arratiakoari omenaldia egiteko aprobetxau dabe Itsasmuseumeko ekitaldia. Izan be, 2019ko iraileko udal batzarrean erabagi zan itsasgizon bilbotarra gogoratu eta haren ekarpena autortzea. 1519an, 15 urte baino ez zituala, Victoria ontzian sartu zan Arratia, Magallaesen espedizinoan mutiltxiki edo txo izateko. Handik hiru urtera bueltau zanean, Elkano getariarraren agindupean, munduari lehenengo bira osoa emon eutsien 18 gizonetako bat bihurtu zan.
Beste bitxikeria bat be badau Juan Arratiakoaren historiak. Izan be, Juan Zubiletakoa morroi barakaldarragaz batera, munduko bira osoa Victoria ontzian egin eban bakarra izan zan. Elkanok, esaterako, La Concepción ontzian ekin eutsan espedizinoari, Europara bueltau zan ontzi bakarrera, Victoria-ra, pasau aurretik.
Juan Arratiakoa Magallaes eta Elkanoren espedizino ospetsuan egon zala erakusten daben agiriak topau ahal izan ditue adituek. Laurgain Torretxean gordetako baten, Badajozen 1524ko egindako batzar baten bidaiaren ganeko lekukotasuna emon ebala esaten da. Indietako Agiritegi Nagusiko beste agiri baten, aitatzen da Estaduak Juan Arratiakoa jagoteko gastuak pagauko zituala, gaixorik egon zan hile bietan.
Antxinako agiriak aztertuta, ondorioa da Juan Arratiakoa barriro joan zala munduaren beste aldera 1529an, Juan de Loaisaren agindupeko espedizinoan, Espezieen Ugarteetara heltzeko asmoz. Ehun euskal herritar inguruk hartu eben parte Loaisaren espedizinoan, tartean Elkanoren anaia biek.
Lehenengo munduko bireari jagokonez, Itsasmuseumen bertan hainbat objektu eta jakingarri topauko ditue bisitariek, J.S. Elkano, Aztarnearen bila izeneko erakusketan. Jatorrizko iturrietatik hartutako Elkanoren bizimoduaren ganeko informazinoa emoten dau. Apirilaren 25era arte ikusi leiteke.
Argazkiak: Bilboko Udala
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!