Bernardo Atxaga, Isabel Jiménez eta Noemí Sabugal birziklapenaren alde
2021-04-21 11:34 KultureaIdazleek mikrokontakizunak idatzi ditue Getxon.
Ecovidriok eta Getxoko Udalak bat egingo dabe aurten apirilaren 23an ospatzen dan Liburuaren Nazinoarteko Egunagaz eta herritarrei ingurumenaren eta birziklapenaren aldeko hiru mikrokontakizun erregalauko deutsee, ospe handiko hiru idazlek eginak: Bernardo Atxaga, Isabel Jiménez eta Noemí Sabugal.
Istorio txikiak dira, euskeraz eta gaztelaniaz serigrafiauta eta Ecovidrioren sei edukiontzi berdeetan ipiniko dira, udalerriko hainbat lekutan: Mayor kalea Andres Larrazabalegaz; Santa Eugenia kalea, 11. zenbakiaren ondoan; Makaletako etorbidea Udaberrigaz bat egiten dauen lekuan; Telletxe kalean, Algorta etorbidearen ondoan; Bidezabal, anbulatorioaren aurrean; eta Euskal Herria kalean, Alangobarriko alkargunean.
Ekintza kultural bakar honen helburua ekonomia zirkularraz eta ingurumena, gure ingurunea eta gure baliabide naturalak jagoteko beharraz kontzientzietea da.
Mikrokontakizunak
Hartu hitza eta birziklau beira lelopean eta #HistoriasDeReciclaje traolagaz, Bernardo Atxagak honako hau idatzi dau: Zer jazo zan Errauskineren kristalezko zapatatxoakaz? Birziklau egin zituen? Ez! Arau on orok ditu bere salbuespenak.
Noemí Sabugal idazleak honako hau dino: Igarleak ez dau sekula asmauko bere bola magikoa azukera-ontzi bat, neskato bakarti baten altxor-kutxea, lanparea, loreontzia, perfume-ontzia edo bera jaio aurretik bere amaren bizitzea salbau eban botikearen flaskoa izan danik.
Azkenik, Isabel Jiménezek honako hau kontetan dau: Itsasoak xuxurlatu eta kulunkatu egiten eban bere olatuakaz. Eta bere buruari galdetu eutson, zelan bueltauko deutsat mesedea? Birzikletea hasiera polita izango litzateke”.
Hiru kontakizun horreek, Liburuaren Egunean garrantzia kulturala izateaz gan, gure ingurune naturalak jagotearen garrantzia adierazoten dabe, birziklapenaren irudi desbardina eta bakarra eskainiz.
Beira birzikleteari buruzko datuak Getxon
2020ko azken datuen arabera, Getxoko herritarrek 1.914.796 kilo beirazko ontzi birziklau zituen. Horrek esan nahi dau herritar bakotxak batez beste 25,03 kilo beira birziklau ebala (83 ontzi inguru).
Edukiontzi-taseari jagokonez, Getxon batez beste 257 biztanle dagoz edukiontzi bakotxeko eta gaur egun 297 iglu dagoz urian beirazko ontzien hondakinak batzeko.
Beira birziklatzearen onurak
Edukiontzietara botaten dan kristalaren % 100 birzikletan da eta ontzi barriak egiteko erabilten da. Beira edo kristala birziklauta zabortegien hazkundea ebitetan da. Beira birzikletea oinarrizko elementua da klima-aldaketearen kontrako burrukan. Ontzi barrien fabrikazinoan birziklautako beira erabiltean, naturako lehengaiak ataratea ebitetan da, lurzoruen higadurea eta gure baso eta arbolak galtzeari aurre eginez.
Gainera, fabrikazino-prozesuan CO2 gitxiago isuri eta energia aurrezten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!