Euskerearen eta balio naturalen arteko loturea, 'People & Nature' aldizkarian

Bizkaie! 2021-04-21 09:51   Euskerea berbagai

Dylan Inglis eta Unai Pascual dira ikerketearen egileak.

Natureak gizartearen ondoizatean dauen eragin positiboaz makina bat azterlan egin dira azkenaldion, baina naturearen balioak eta hizkuntzak lotzen dituan lan askorik ez da egon orain arte. Basque Centre for Climate Change/BC3 erakundeko eta Bristolgo Unibersidadeko adituek People & Nature aldizkari zientifikoan plazaratu dabe euren ikerketea, euskerearen bidez herritarrek euskal ingurune naturalagaz dituen hartu-emonen ingurukoa.

Dylan Inglis (Bristolgo Unibersidadekoa) eta Unai Pascual (BC3) dira ikerlan barritzaile honen egileak. Euren ondorioa zera da, hizkuntzeak baldintzatu egiten dauela kolektibo sozial batek ingurumenagaz eta naturako balioakaz dauen loturea. 

Ikerlana egiteko, Euskal Herriko ekialdean bizi diran ehun bat lagunen esperientziak eta gogoetak batu ditue Inglisek eta Pascualek, Garazi, Aezkoa, Zaraitzu eta Zuberoakoak. Iratiko eta Arbailetako basoak hur-hurrean ditue hangoek. 

Azterlanaren emoitzen arabera, lekuan lekuko naturea identidaderako eta atxikimendurako garrantzitsua da, eta lotura hori handitu egiten da euskeraz berba egiten dabenen artean. Euskaldunak ez dira talde homogeneoa, danetariko ikuspegiak dagoz, baina ikerlariek ikusi dabe badagoala naturearen balioak euskerearen bidez ulertu eta gozetan dituan talde nabarmen bat. 

Dylan Inglisek azaldu dauenez, eskualdeko jenteagaz berba egitean argi egoan inguruko basoek balio ugari dituela, horreetarik asko hartu-emon materialetatik haragokoak. Euskal Pirineoak zonalde eleanitza diranez, interesetan jakun ikertzea ea euskerea pisuzko aldagaia ete dan natureagaz loturea egiteko. Ez genkian loturarik non eta zelan azaleratu eitekean, baina metodologia eta datu-analisian aurreratu ahala, argi geratu zan jente-moltso esanguratsu batek euskerea eta basoa estu lotzen dituala.

Naturearen onurak aitatzeko orduan, atxikimendu kulturalari eta identidadeari lotutakoek pisua dabe. Horregaitik, Unai Pascual harrituta dago orain arte ez dalako hizkuntzearen eta naturearen inguruan halako ikerketarik egin. Hizkuntzearen eta naturearen balioen artean topautako loturak hizkuntza zein natura jagoteko mobimentuetarako barritzaileak izan leitekezala uste dau Pascualek, eta munduko beste leku batzuetan halako loturak bilatzeko premia dagoala dino. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu