Miren Artetxeren mintegia asteon bertsolaritzaz AEBko Amherst unibersidadean

Bizkaie! 2021-04-21 08:12   Euskaldunak munduan

Miren Artetxe bertsolari eta antropologoak bertsolaritzearen ganeko mintegia eskainiko dau aste honetan University of Massachusetts Amherst-en (UMass Amherst). Astebeteko mintegia unibersidade horretako Euskal Kultur Ikasketak departamentuak, William Douglass Katedreak atondu dau. COVID 19-aren ondorioz, internet bidez egingo da. Ikasleek, Francoren erregimenaren amaieratik gaur egun arte bertsolaritzan egindako ibilbidea aztertu eta diziplina honek azken hamarkadetan izandako bizibarritzeaz irakurketak egingo ditue.

Bertsolari dokumentala ikusiko dabe Miren Artetxe doktorearen eskutik. Emakumeek arte mueta honetan daben parte-hartze gero eta handiagoa jorratuko dabe, baita Ipar Euskal Herriko gazteek bertso-eskolaz berba egiteko daben aukeraz be. Bertsolaritzeak azken hamarkadetan izan dauen bilakaerea ardatz dabela, landa eremutik espazio uritar baterako trantsizinoa zela gauzatu dan edota gizonezkoena zan espazioa zelan bilakatu dan espazio mistoa edo bitarikoa jorratuko dabe.

Apirilaren 22an, irakurketa berezi bat be egingo da honako izenburuz, Basque Female Improvisational Poets: An auto-ethnographic perspective (Euskal emakume poeta inprobisatzaileak: ikuspegi auto-etnografikoa); irakurketa horretan, emakumeak bertsolaritzan izan dauen garrantzia landuko da.

Miren Artetxe

Bertsolaria eta Antropologian doktorea da. 2019an amaitu eban doktorego tesia Euskal Herriko Unibersidadean, Ipar Euskal Herriko Bertso-Eskoletako Gazteen Hizkuntza Ibilbideak izenekoa. Hiztun Barriak eta Bertso Mundua eta Nouveaux locuteurs et milieu du bertsolarisme: Légitimation et remise en question artikuluen autorea be bada.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu