Emakunde Saria emon deutse Askabideri

Bizkaie! 2021-04-20 08:08   Pil-pilean

Prostituzinoan edo gizarte-bazterkeria arriskuan dagozan emakumeei laguntzen deutse alkarte horrek.

Beatriz Artolazabal, IƱigo Urkullu, Miriam Santorcuato eta Izaskun Landaida (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizen, Lehendakaritzearen egoitzan egin dabe 2020ko Emakunde Saria emoteko ekitaldia. Iñigo Urkullu Lehendakaria, Beatriz Artolazabal sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria egon dira han; Askabide alkarteko presidente Miriam Santorcuatok hartu dau saria, lantalde osoaren izenean. 

Prostituzinoan dabizan edo bazterkeria sufriduteko arriskuan dagozan emakumeei laguntzeaz arduratzen da Askabide, ikusezin bihurtu diran personak, Santorcuatok azaldu dauenez. Babes handia behar dauen kolektiboa dala ganeratu dau, era guztietako erasoen biktima izaten diralako horreek emakumeak, tartean sexu-indarkeria.

Emakunderen partetik errekonozimendua jasotea euren lanari eusteko bultzadea izango dala adierazo dau Santorcuatok, gizatasun maila handiko profesional eta boluntarioek egiten daben ezinbesteko lanari autortzea egiten jakelako. Pandemia sasoian lehen lerroan dabizan ganerako erakundeei be eskaini deutse saria. 

Hain zuzen be, Iñigo Urkulluk azpimarratu dau saria Askabideri emon jakola, baina gizarte-lanean dabizan ganerako alkarteei autortzea egiteko modua be badala. Inor ez atzean ixteko Askabidek egiten dauen ekarpena be txalotu dau Lehendakariak. 

Beatriz Artolazabal Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak nabarmendu dau, Askabide eta era horretako alkarteak erakunde publikoak heltzen ez diran lekura heltzen dirala, eta, horregaitik, administrazino publikoek hareen alkarlana behar dabela. 

Izaskun Landaidak helduleku dala esan deutso Askabideri, bardintasunetik eta aurreretxi barik entzunak izateko beharra daben emaumeentzat. Bazterkeria sufriduteko arriskuan dagozanen bizi-kalidadea hobetzen ahalegintzeagaitik, eskerrak emon deutsoz Emakundek Askabideri. 

Askabidek 1980ko hamarkadan hasi eban bidea, Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzinoaren errealitateagaitik eukan ardureak bultzatuta. Egoerea gero eta larriagoa zan, kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa eukalako eta HIESa agertu zalako. Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu jarri ditu martxan, emakumeen autonomia, bardintasuna eta ahalduntzea helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu