363 kulturgilek eskatu ditue Eusko Jaurlaritzearen dirulaguntzak
2021-04-19 07:45 Kulturea2020an diru-sarrerak gitxitu jakezenentzako deialdia izan da.
Kultureari eta sorkuntzeari laguntzeko Eusko Jaurlaritzeak plazaratu dauen deialdi berezian izena emon dabe sektoreko 363 eragilek, tartean norbanakoek, enpresek eta alkarteek. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak emon dau horren barri, Elkarrekin-Ahal Dugu taldeak egindako galdereari erantzunez. Eskabideak egiteko epea itxi baino ordu batzuk lehenagoko datua emon dau Zupiriak, beraz, behin betiko kopurua pixka bat handitu leiteke.
Covid-19ak zuzen-zuzenean eragin deutsonez kulturgintzeari, Eusko Jaurlaritzeak laguntzino bereziak jarri ditu martxan, 2020an diru-sarrerak modu nabarmenean (gitxienez % 20) jatsi jakezen sortzaile eta kulturgileentzat.
Eskabidea egin daben 363 enpresa, autonomo eta alkarteen diru-sarrerek % 64,62 egin eben behera batez beste, 2019tik 2020ra, Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez. Hau da, 129 miloe euroko sarrerak izatetik, 45 miloe izatera pasau dira, danetara.
Arloei begiratuta, era honetan dagoz banatuta 363 eskatzaileak:
Arte eszenikoak: 103
Musikea: 120
Ikusizko arteak: 14
Arkeologia eta ondarea: 11
Ikus-entzunezkoak: 86
Bertsolaritzea: 3
Bitartekaritzea eta kultur aholkularitzea: 15
Literaturea eta liburu-argitalpenak: 11
Legebiltzarrean egindako agerraldian, Bingen Zupiria sailburuak gogora ekarri dau laguntzino honeek ez dirala kulturea suspertzeko 2020an emondako bakarrak. Esate baterako, beste 8,6 miloe euroko deialdia aktibau zan 466 proiektu laguntzeko, literaturan, musikan, arte eszenikoetan eta ikus-entzunezkoetan. Beste 3,6 miloe euro bideratu ziran ondarea batu, aztertu eta zabaltzera.
Horri gehitu behar jako, ganera, kulturgintzan erakunde funtsezkotzat hartzen diranei emoten jakezan dirulaguntza zuzenak. Zinemaldia, Tabakalera, Guggenheim, Bilboko Arte Eder Museoa, Artium, Euskadiko Orkestrea eta beste asko dira.
Azkenik, pandemiagaz lotuta, dirulaguntza bereziak emon ditu Jaurlaritzeak, besteak beste, jarduerea bertan behera itxi behar izan daben profesionalena (Lanbideren bidez), Beste Bat! programea eta Durangoko Azokea egoera barria egokitzekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!