Virginia Fernandez: 'Iturritik ura datorren moduan sortzen dodaz kantuak'

Koldo Isusi Zuazo 2021-04-19 07:55   Barriketan

Seda taldeko abeslaria eta liderra.

Pare bat urte musika kontuetatik aparte ibili bada be, oso indartsu dator Virginia Fernandez (Doctor Deseo, Jardín Infierno, Toro y La Niña del Frenesí) kantugile eibartarra eta Seda taldeko liderra. Taldera batu dira Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Felix Landa gitarran (Extremoduro), Galder Creo baterian (Penadas), Pit Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarra-jotzailea eta Joseba B. Lenoir gitarra-jotzailea be ibiliko da zuzeneko kontzertuetan.

Gaztelupeko Hotsak-en babesari eutsiz, The Belly da disko barriaren izenburua eta honezkero zuzenean be aurkeztu dabe, berbarako, BBK Salan.

1.- Doctor Deseo, Jardín Infierno, Toro y la Niña del Frenesí eta beste talde batzuetan ibili ondoren, urte bi edo egin dozuz musikearen mundutik aparte. Zergaitik?

Bai, aitatu dozuzan horreetan eta beste batzuetan be ibili izan naz, sei taldetan nenbilen, boleroak, reggae, rocka, 80. hamarkadako musikea lantzen nituan, kolaborazinoak eta bestelakoak, baita beste talde batzuetarako berbak idazten eta bidaia luzeak be egiten nituan beharrean, bizimodu gorabeheratsua eta erritmo frenetikon bizi nintzan eta dana ixtea erabagi neban familiakoakaz egoteko zein proiektu personalagoak lantzeko, pinturea be asko gustetan jat eta mundu horretan be sartu nintzan.

2.- Seda proiektu personala zan hasieran. Zer adierazo edo nabarmendu gura zenduan?

Musikatik aparte egon nintzan aldian ez neban gitarrea eta pianoa ikusi be egin gura, kontzertuetara be ez nintzan joaten, lasaitasuna behar neban, maila fisikoan eta mentalean deskonexinoa behar neban, beste gauza batzuetan sartu, familia, lagunak eta oso gustora ibili naz. Kontua da ze, barruan neukan guztia kanporatzeko beharra be sentidu, gitarrea hartu eta joten hasi nintzala, ezelako asmo barik. Baina gauza asko nituan barruan eta makinatxu bat kantu azaldu jatazan. Horretan nengoala, ingurukoek eta kantu edo dana dalako horreek entzun eta oso onak zirala eta grabau behar nituala esaten eustien. Berehala nire lagun Saulegaz hartu-emonetan hasi eta nire korapiloak, amesak eta sentimenduak helarazo neutsozan. Azkar hasi ginan kantuak grabetan, nire ahotsa eta gitarrea erabilita, gordin eta askotan musikari batzuk be etorten ziran estudiora ekarpena egiten. Hori hasierea izan zan eta gero etorri da Seda taldea, lagun handia dan Felix Landa gitarran (Extremoduro), Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Galder Creo baterian (Penadas), Pit Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarristea eta Joseba B. Lenoir musikari handiakaz batera. Lehenengo probatan asko gozau genduan, magikoa izan zan, potentziala ikusi geuntsan taldeari, soinu propioa, nortasuna antzemon eta berehala hasi ginan proiektuaren gorabehera guztiak zehazten.

3.- Bakarka segiduteko asmorik badozu?

Bai. Kantu personalagoak, intimistak eta gorde eta gogorragoakaz ekin deutsagu taldeari eta, jakina, baztertu ez dodaz baztertuko kantu personalak eta ahal danean, plazaratzea da asmoa. Ez naz geldi egotekoa, Youtube plataforman bideoak sartzen ditut, kolaborazinoakaz be segitu gura dot, lo-kantu sikodelikoa egin neban Joseba Irazokiren musikeagaz, Mirian Isasigaz bideoa be egin genduan eta pinturearen jarduerea ahaztu barik arte adierazpen askotan sartzea gustetan jat.

4.- Arlo musikalean, oso indartsu dator Seda eta esan dozu gaiak gogor landuta aurkeztuko dozuezala. Gaiak zeintzuk dira?

Di-da sortzen dodaz kantuak, gitarra akorde bi jo eta aurrera, egokitzapen edo ekarpentxu batzuk sartu eta listo. Kontuan hartu daizun, diskoaren grabazinoa pare bat egunetan egin genduan, sintonia handia egoan gure artean eta kantu batzuk zehatz amaitu barik egon arren, inprobisau eta itzel geratu jakuzan, 70. hamarkadan egiten eben legez; oso oker ez banago Black Sabbath taldearen Paranoid kantua be holan grabau eben, danak batera, inprobisazinoa ardatz.

5.- Erantzukizun eta ardura asko hartu dozuz, berbak, konposizinoa, egokitzapenak eta taldean abeslari nagusia zara. Zelan konpondu zara?

[Barreka...] Ondo. Sormenaren arloan oso gustora ibili naz, gustetan jatan musikea egiten dot eta musikariek errespetu handiz jorratzen ditue neuk sortutako piezak. Sormen kontuetatik aparte dagoan guztia, barriz, ez jat horrenbeste gustetan, kudeaketea, administrazinoa, diskoetxe, produktore eta holakoakaz egin beharreko tratuak eta bestelakoak. Lehen lerroan egotea, neu izatea atentzinoa erakarten dauena nekagarria da baina egin beharreko gauzak dira, ez dago besterik.

6.- Diskoa Bilboko Silver Recordings-en grabau dozue eta Martin Guevara izan da produktorea. Osogai honeek ziran egokienak zuena lako punk-rock talde batentzako?

Bai. Kantu rockeroenak aukeratu nituanean, berez etorri jatazan burura Silver Recordings eta Martin, esperientzia handikoa da musika esperimentalean zein jazzean, urteak daroaz musikagintzan, sena, intuizino handia dauka eta gurea lako kantuetarako bera da aproposena, duda barik. Proposamena egin eta berehala onartu euskun. Hortik aurrera emoitzeagaz pozarren gagoz.

7.- Kantuetako berbak zeuk sortzen dozuz. Zeintzuk dira interesetan jatzuzan gaiak?

Jarrera intuitiboa da nirea, gitarrea edo pianoa hartu eta momentuan momentuko jarrera eta egoerearen arabera joten hasten naz; jakina, ikusi ditudan filmak zein kalean, etxean bizitakoak erabilten dodaz sorkuntza prozesuetan, iturritik ura datorren moduan edo sumendiak sua botaten dauen moduan sortzen dodaz kantuak. Dana interesetan jat, giza emozinoak, heriotzea, maitasuna, bakea, edertasuna zein antzeko gaiak erabilten doguz baina mundu rockeroagora eroateko beste osogai batzuekaz nahastetan doguz, erraiak, odola, okelategia eta holakoak txertatuta.

8.- The Belly diskoaren azala Miriam Ocariz moda diseinatzaileak egin dau. Zelakoa izan zan prozesua?

Lagun handiak gara, La Niña del Frenesí taldearen kontzertu batzuetara be etorri izan da eta, horrezaz aparte, asko gustetan jataz Ocarizen lanak eta sormenerako dauen sena. Aukera batzuk aztertu arren, Ocarizek egindako tatuaje batzuen ganeko zirriborro batzuk ikusi eta, hortxe momentuan, jaubetu nintzan azala Miriam Ocarizek egin behar ebala. Lehen aitatutako mundu bi horreek bikain adierazo ditu Ocarizek, erremate ezin hobea, magikoa dala pentsetan dot.

Diskoaren izenburuari jagokonez, The Belly geurera ekarrita, erraiak, barrunbeak dira, diskoko azken kantuan, Two Words kantuan adierazoten da, mundu bi, geurea eta okupetan doguna, barrukoa eta kanpokoa zelan buztartzen diran.

9.- Hey bideoa be ederra da, Marmitako Produktionseko César el Punky-k sortutakoa, Oier Ituarte eta Patxi Lopez argi eta erretratuak dituana...

Oso gustora geratu gara bideoagaz eta zaleen artean izan dauen erantzunagaz. Bideoak Seda taldearen energia eta nortasuna tranmitidutea gura neban, kontzeptua zabaltzea eta uste dot emoitzea ona dala. Jaubebako bainuetxe bat aukeratu genduan bideoa grabetako eta olgetea eta gozetea izan zan guretzako han zehar korrika, saltoka eta ezkutuka ibiltea eta Cesar, Oier eta Patxi be ez dira edozein, maisu handiak dira eta pozarren gagoz.

10.- Bilboko Power Records dendan egindako diskoaren aurkezpenean akustikoa eskaini zenduen eta apirilaren 18an, sarrera guztiak agortuta, Bilboko BBK Salan Ana Curragaz batera kontzertua zoragarria izango zan...

Ederra, benetan. Denporatxua da eszenatokian ez nazela agertzen eta bereziak izan dira niretzako aitatu dozuzan zuzenekoak, topera disfrutau dot.

Aurrerantzean, aukera gehiago sortzea espero dot baina bizi dogun egoerea gogorra da eta zeozertxu dagoan arren, zehaztasunen faltan ez deutsut ezer aurreratuko, ez dot gura frustrazinorik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu