Gizabanako neandertal batzuen DNA nuklearra berreskuratu dabe

Bizkaie! 2021-04-16 10:08   Kulturea

Atapuercako aztarnategian topau dabe.

Nazinoarteko ikerketa-talde batek, UPV/EHUk babestuta, neandertalen DNA nuklearra topau dau Siberiako hatxulotako eta Atapuerca mendilerroko Hatxulo Nagusian dagoan Estatuen Galeriako sedimentuetatik abiatuta (Burgos). Science aldizkari entzutetsuak emon dau aurkikuntzearen barri. Espainiako ikerketa-taldearen buru Juan Luis Arsuaga da, Burgosko Giza Eboluzinoaren Museoko zuzendari zientifikoa.

Orain miloe bat urtetik gora tantaz tanta sortutako estalagmita handi batzuek emon deutse izena galeriari. Kareharrizko egitura horreei berba egiteko gaitasuna egotzi izan jaken eta antxinako kroniketan agiri dira, profeziak egiten zituelakoan. Sampayo eta Zuaznávar injineruen Descripción de la Cueva llamada de Atapuerca (1868) lanean, estatuen grabaduak dagoz.

Galeria hori kanpoaldeagaz lotuta egoan neandertalen garaian, baina, gero, galeriaren ahoa bete egin zan eta barrunbea isolatuta geratu; horrenbestez, H. sapiensak Atapuercara heldu ziranean, ezin izan eben barrura sartu, ez eta zutabe zaharrak ikusi be; leku horretara, gaur egun, Hatxulo Nagusiaren barrutik heltzen da.

Azkenik, neandertalak bizi izan ziran lekuaren gainean zoru estalagmitikoa sortu zan, hau da, kaltzita-geruza lodi bat, aztarnategia betiko zigilatu ebana.

2008tik Estatuen Galerian egiten dabizen indusketetan, neandertalek konsumidutako animalien aztarnak eta neandertalen tresna litikoak berreskuratu dira, bai eta duda barik Neandertalgo gizaki batena dan oineko falange bat be.

Erabat isolatuta egon danez, Estatuen Galeriako aztarnategiko sedimentuek hezetasun eta tenperatura-kondizino konstanteak izan ditue eta ez dabe agente naturalek eragindako ezelako aldaketarik edo gizaki modernoaren esku-hartzerik izan eta ondorioz, aztarnategi bikaina da induskatzeko.

Atapuercako lantaldeak zenbait urte daroaz Matthias Meyerrekin lankidetzan eta prozesu luze horri esker emoitza ikusgarriak lortu ditue Hazurren Leize-zuloko aztarnategian. Gizakien DNA mitokondrial eta DNA nuklear zaharrenak Hazurren Leize-zuloko fosiletatik atara ditue.

Estatuen Galeriako neandertalen DNA

Sedimentuetatik gizabanako batzuen DNA nuklearra eta DNA mitokondriala lortu dira. Antxinakoena dan gizabanakoaren DNA antxinako jatorriko gizonezko neandertal batena da. Gitxi gora-behera, 110.000 urte ditu, baina haren leinua lehenago sortua zan, orain 130.000 urte inguru.

Antxinakoen ondoren etorri ziran neandertal barri horreetatik gitxienez lau emakumezkoren DNA identifikau dabe sekuentzia estratigrafikoan zehar. Neandertal modernoenek 80.000 urte inguru ditue. Ordurako klimea aldatu zan, azken ziklo glaziarra hasia baitzan dagoeneko. Klimearen eta giza eboluzinoaren arteko loturea oso iradokitzailea da. Azken glaziazinoko neandertalei klasiko deitzen jake, modu informalean. Neandertal klasikoen ezaugarri oso garrantzitsua da giza eboluzino osoko garunik handienak izan zituela, gureak baino handiagoak.

Ikerketa honetan, Euskal Herriko Unibersidadearen aldetik, UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Geologia Saileko Arantza Aranburu eta Asier Gómez-Olivencia ikertzaileek hartu dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu