Euskerearen erabilerea bultzatzeko hitzarmenak sinatu ditue Getxon
2021-04-16 09:50 Euskerea berbagaiUdala, Bizarra Lepoan, ALBE, Egizu eta Hiruka dira sinatzaileak.
Getxoko Udalak euskerearen erabilerea gizarteratzen jarraitzeko lau hitzarmen sinatu ditu, euskalgintzea hainbat alorretatik lantzen daben beste horrenbeste entidadegaz. Bizarra Lepoan euskera alkartea, ALBE bertso eskolea, Egizu euskera alkartea eta Hiruka komunikabidea dira.
Erakundeok hurrengo lau urteotan dituen helburu eta plangintzak zehazten dira, eta horreek babesteko Udalak emongo deutsezen diru-laguntzinoen zenbatekoa aitatzen da. Hitzarmenen bidez argi itxi nahi dogu euskerearen erabilerea sustatzeko dogun konpromisoa eta gizarte eragileeakaz alkarlanean jarduteko dogun nahia, adierazo dau Amaia Agirre alkateak.
Era berean, Covid-19ak gogor jo dauen arren, lau alkarteek euren jarduereari eta euskerearen aldeko konpromisoari eutsi deutsela nabarmendu dau Agirrek: Pandemiak ez ditu geratuarazo eta egoera barrira moldatu dira.
Banaka-banaka aztertuta, honeek dira hitzarmenetako eduki nagusiak:
- Bizarra Lepoan: Euskerearen erabilerea indartzeko euskal giroa berbiztuten, kultur ekintzak antolatzen eta euskaltzaleen indarrak batzen jarraituko dau. Aitagarriak dira, besteak beste Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoak, Bapiruke aisialdiko ekimena eta Toponimia Ibilbideak. Azken barritasuna bizkaiera ikastaroa izan da.
Alkarteko lehendakari Goizalde Miruriren esanetan, hitzarmenari esker norabide berean bat egingo dabe euskerearen alde dagozan guztiek. 82.200 euro jasoko ditu Bizarra Lepoanek.
- ALBE: Algortako bertso eskoleak plazak berreskuratzeko lanari ekingo deutso. 40 urte bete barri, jarduera ugari antolatzen ditu, esate baterako, Abra Sariketea, Eskolatik Plazara, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Hitzaren Dantza eta Bihotza Gazte.
Miren Loizaga ALBEko lehendakariak zera nabarmendu dau: itunari esker, gure eskolearen oinarri diran ikasle, irakasle, bertsolari eta bertsozaleek aukera parebakoa izango dabe proiektu urtetsu baizen osasuntsu baten parte izaten jarraitzeko. 52.000 euro emongo deutsez.
- Egizu Getxo Euskaldun: Euskerea erabilteko espazioak sortuko ditu, euskaldunen arteko hartu-emonak sendotu eta erdaldunei euskerea hurreratzen segitzeaz gan. Azkenaldion, ganera, euskal literaturea eta sorkuntzea bultzatzen hasi da. Berbalagun, Berbodromo, Irakurzaleen Txoko eta abarrak Egizuren ardurapean dagoz.
Alkarteko lehendakari Josu Esnaolaren arabera, bermea eta babesa emongo deutse hitzarmenak Egizuren jarduerei. 42.000 euroko laguntzinoa emongo deutse.
- Hiruka: Getxokoa ez eze, Uribe Kosta osoko informazinoa euskera hutsean zabaltzen dau, bitarteko tradizionalak eta teknologia barriak buztartuta. Covid-19a dala eta, sare sozialei eta bide digitalei pisu handiagoa emonda, herritarrakandik hur egotea lortu dabe.
Ziortza Merino da Hirukako koordinatzailea, eta eskualdeaz euskera hutsean informazinoa emoten daben medio bakarra dirala gogoratu eragin dau, eta dino euskaldunen sarea handitzen lagunduko dauela hitzarmenak. 64.601 euro emongo deutsez Hirukari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!