Jonatan Garcia: Barakaldotik Benasquera eta Benasquetik Dhaulagirira
2021-04-15 13:09 Ibilian-ibilianEgunotan Himalaiako tontor horretara heltzeko ahaleginean dabilen alpinista bizkaitarragaz egin dogu berba.
Lanera eguraldi txarragaz joaten garen moduan, Jonatan Garcia egun zantar horreetan be han izaten da, bere olgeta-lekuan, Benasquek eta Posets-Maladeta Parke Naturalak eskaintzen dituen leku magikoetan erronka barriei helduz eta Himalaietako espedizinoetako muturreko egoera eta tenperaturei hobeto egokitu ahal izateko entrenetan.
Ez pentsau, halandabe, Aneto (3.404 m) mendizale gehienok igon dogun ohiko bidetik ibilten danik, bestelako bideak aukeratzen ditu eta esan geinke Pirinioetako mendirik altuenera igoteko bide guztietatik igonda dagoala. Horregaz konformau ez, eta gitxienez 15 bide barri zabaldu ditu bertako horma eta inguruetan, eta beste hainbat edegiteko bizipozari eusten deutso.
Bide barriak zabaldu ahal izatea gehien motibetan nauen ekintzea da, zalantza barik, inor igon eta ibili ez dan lekuak maite dodaz, ziurbakotasun eta konpromiso horrek motibetan nau eta bete egiten nau guztiz. Mundu guztia doan mendi batean, ibilbide guztia bakarrik egiteak beteten nau, hau da, Aneton inoiz inor pasau ez dan bideetatik bakarrik joatea; gailurrera heldu eta bertan jenteagaz topo egitea eta jakitea bide ezbardinetatik joan garela, adierazo dau alpinisteak.
Barakaldotik Benasquera
Barakaldon bizi zanean, astelehenetik barikura entrenetan eban eta asteburuetan Benasquera, Sierra Nevadara, Gredoseko mendilerrora, Europako Mendietara edota Tenako Bailarara joan ohi zan. Aste bitartean hiru entrenamendu ezbardin egin ohi zituan, euritan korrika egitera urteten eban; beste batzuetan, Lutxanako tunelera eskaletan joaten zan. Bestalde, hatxean eskaletera Urdulizera eta Arboledara joaten zan. Azken horretan korrika be sarri egiten eban, baita Eretzan, Peñas Negrasen, Pico la Cruzen eta Pico Menor eta Pico Mayor inguruan.
Gerora, Benasquera joan zan bizi izaten, eta bizimodua aldatu egin jakon. Benasquera heldu ahal izatea, egun daukadan proiektua eregi ahal izateko ezinbestekoa izan da, egunero erronkak izan eta beteteko aukera ukaezina. Ganera, niretzako Benasque ez da kirola bakarrik, maitasunik politena be topau dodalako bertan. Saragaz, emakume ikaragarri bategaz egoteko suertea dot, eta neure pasinoa errespetau ez eze, konpartidu be egiten dau. % 100 babesten eta laguntzen nau eta horrek askoz errazagoa egiten dau dana.
Benasque niretzat dana da, ama, arrebea, koinatua eta lobea Barakaldon ditut, baita lagunak be, jakina, baina, une honetan, Benasque dana da niretzat. Entrenau ahal izateko han daukadan aukera aniztasuna itzela da, urteko egunen % 85ean entrenetan dot, beti altueran: batez besteko horretatik % 85/90, 3.000 metrotik gora izatea parebakoa da, asko igarten da Himalaietara zoazanean. Ganera, korrika eta oinez ibilten naz altueran, eskaletako be aukera guztiak dodaz, hatxean, izotzetan, mistoan, ertzak egin, mendiko eskia, pistakoa, btt… Parapentea baino ez jat falta, eta Himalaietatik bueltan, hartuta daukat ikastaro bat, falta dodan azken amesa dalako nire entrenamentuei gehitzeko.
Hemen bizi zanean, dana ez zan larrosa kolorekoa bere amesa bete ahal izateko. Berba gordinak diran arren, esan beharrekoak dira, ez dauelako errekonozimendurik ez babesik izan Euskal Herrian; bai, ostera, Benasquen.
Nahiz eta mingarria dan, esan beharra dot Euskal Herrian inoiz ez dodala babes ekonomikorik jaso, eta gogorra dan arren, holan da; hemen, Benasquen, laguntzino asko eskaini deuste. Benasqueko Udalak beti babesten nau eta Aragoiko enpresek be bai. Gero, Diamir-ek eta beste enpresa batzuek babesten nabe, eta horreek be Benasquen bizi nazelako etorri dira. Aurretik, inoiz ez, azaldu dau bizkaitarrak.
Benasquetik Dhaulagirira
Stefi Troguet sokalaguna eta biak pozarren dagoz, ilusio handiz, izan be, garai gogor honetan Nepalen egon ahal izatea pribilegio hutsa da eta sarritan joatea gustetan jakenentzat, urte oso bat joan ezinda gabe egotea ez da erraza izan.
Egia esan, hemengo egoerea arraroa da, behin bakarrik etorri izan naz neguan eta, orain, heldu ginanean baino jente gehiago ikusten hasiak gara. Martiaren 11n heldu ginanean oso sensazino arraroa izan zan, jente gitxi egongo dala espero dozu, baina ez horren gitxi. Oraingo honetan, harritzekoa zan. Adibidez, Thamel, Kathmanduko komertzio auzo ezagunena zoramen hutsa izaten da, estropezu egitea oso erraza da, mila kotxe, motor, bizikleta; oraingoan, denda asko ez egozan edegita, eta ez egoan ia turismorik, orain gehitxuago dago, azaldu dau alpinista barakaldarrak.
Everesteko trekkingean ibili dira aklimatazinoan, eta sensazino oso onak izan ditue, oso baikorrak eta beharrezkoak. Aterpeetan jente gitxi egoan, eta zarata eta jende gitxiagogaz, bereziagoa izan ei da. Oso trekking bakartia, eta berezia. Hotz handia egoan eta aterpe asko itxita egozan. Lobuchen eta Gorakshepen topau dabe jente gehien.
Plana aurreikusi lez doa. Everesteko trekkinga egin dabe eta lau egun pasau ditue Gorakshepen (5.164 m). Birritan igon dabe Behe Kanpalekura, Kalaphatarrera beste egun batean, eta beste bat atseden eguna izan da.
Stefi Troguetek zortzimilako bi ditu, Manaslu eta Nanga Parbat; eta Jonatanek, Annapurna eta Manaslu. Sare sozialetatik aspaldi ezagutzen genduan alkar eta nire estiloaren antzekoa dau Stefik, hainbat antzekotasun doguz.
Jonatanek estilo arinaren alde egin dau beti, sherparik eta oxigenorik barik, eta behin bakarrik izan da enpresa handi batek antolatutako espedizinoan, Alex Txikonen negukoan. Benasquen bizi nazenez, Stefi askotan ibilten da handik eta, behin, Aneton bide barri bat zabaltzen nengoala, topo egin genduan gailurrean, bera eskietan ebilela. Harrezkero, hainbat jarduera egin izan doguz alkarregaz, korredoreak, horma luzeetako bideak, Salenqueseko ertza eta abar. Gerora, Alpeetan be izan ginan nire lagun bategaz batera, eta han otu jakun Himalaietako abentura hau alkarregaz bizi izatea. Aklimatetako trekkinga egin eta Kathmandura bueltau ondoren, Pokharara abiatu eta Dhaulagiriko trekkinga hasi eben. Orain, zortzimilako horretan dabiz lanean.
2018an, Dhaulagirin izan zan Jonatan, Juan Pablo Mohrregaz, aurten K2 mendian bizia galdu dauen alpinisteagaz. 7.800 metroan emon behar izan eben bueltea. 7.200 metrotik gora, hainbat korredore dagoz eta ondo orientau beharra dago okerrekoa ez hartzeko eta arazoetan ez sartzeko. Aurten, ikusiko dogu zenbat jente dagoan mendian eta zelan lan egin nahi daben, zelan antolatu gaitekezan. Argi dago gu biok bakarrik goazela eta nire sokalaguna Stefi dala, sherparik eta oxigeno barik goaz. Baina jente gehiago dagoan mendira zoazanean, onena taldean lan egitea da, beti be giro ona badago, ez baldin badago giro onik hobe da bakotxa bere aldetik joatea eta mendiak suertea banatu deiala. Baina taldean lan egitea beti da hobea, danok alkarregaz lan eginda, danon igoerea eta jatsierea bermatu leiteke, eta gozau, azaldu dau Jonatan Garciak.
Izan be, 2018an mendi berean alkarregaz topo egin eban Garciak Carlos Soriagaz, eta barriro batuko dira orain Behe Kanpalekuan. Soriak 82 urtegaz historia egin nahi dau, edadearen mugea gaindituz, hamalau zortzimilakoak igoten zaharrena izateko erronkan. Jonatanen esanetan, gure estiloak oso ezbardinak diran arren, edadea be oso ezbardina da eta Carlosek helduarazoten deuskun motibazinoa ikaragarria da. Berak dauen suertea gura dogu, 82 urtegaz orain 36gaz egiten dodana egiten jarraitu ahal izatea, naturaz, mendiaz eta kirolaz gozetan. Hori munduko zorterik handiena izango litzateke, oraingo moduko alaitasunagaz bizi ahal izatea, maite dodana egiten.
Maite doguzan bidelagunak beti gogoan
Bizkaitarraren lehen espedizinoa Himalaian 2016an izan zan, Karakorumen, Broad Peak mendian, eta urte gitxi daroazan arren, persona bikainak ezagutzeko aukerea izan dau. Horixe alde ona, eta, beste aldea, horreetako lagun handi asko galdu dituala mendian, tartean Alberto Zerain, Juan Pablo Mohr…
Alberto Zerain, esaterako, egunero dau gogoan, mendia % 100ean bizi ebalako, eta bere estiloa bereganatzen ahalegindu da. Horrexegaitik gogoratzen da horrenbeste beragaz, Zerainen estiloaren antzekoa lantzeak motibazinoa biztuten deutsalako. Dagoen lekutik begiratu ezkero, pozik egongo dala daki, emondako aholku eta irakaspen guztiak jarraitzen dabilelako. Oso gogorra izan zala dino Jonatanek, baina, azken finean, erronka zenbat eta zailagoa izan, arrisku gehiago dagoala eta hori danok onartu behar dogula dino. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu, kide guztiakandik ikasitakoa martxan jarri. Alkarregaz egin genduan Annapurnako erronka ikaragarria izan zan niretzat, ia egunero gogoratzen naz eskalada haretaz, eta hemen, Himalaian nagoenean, egunero esango neuke. Munduko zortzimilakorik arriskutsuenetako bat, seirok oso estilo garbi bategaz eskaletea, sherpa eta oxigeno barik eta 4.000 metroko hormetan 800 metroko soka finkoak ipinita.
Askotan, entrenamenduan nabilela, gogoratzen dot eta pentsetan dot hori egin ahal izan bagenduan, kontuan izanda istripuren bat izateko aukera handia geunkala, ba beste edozer be ondo atera leitekela, autortu deusku Jonatan Garcia alpinisteak. Zalantza barik, zeinen politak diran beteten gaituen oroitzapenak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!