EJ-k euskaltegi pribatuetako irakasleen baldintzak hobetzeko 10 miloe euro inbertiduko ditu
2021-04-14 13:46 Euskerea berbagaiHolan, 2024-2025 ikasturterako dirulaguntza kopurua ia % 40 igoko da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkariek euskaltegi pribatuetako finantzazino sistema barria aurkeztu dabe gaur. Irakasleen lan baldintzak hobetzea lehenesten dauen egitasmoa da gaur Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, aurkeztu dabena.
Prentsaurrekoan parte hartu dabe Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Isabel Isazelaiak eta Laida Beristainek gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkari legez.
Eusko Jaurlaritzeak bere XII. Legegintzaldiko konpromisoen artean dauka Helduen euskalduntze-sistemearen finantzazinoa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantzazinorako ohiko deialdien bidez. Helburu hori beteteko asmoa dau gaur aurkeztutako egitasmoak.
Azken urteetan nabarmena izan da helduen euskalduntzean lan egiten daben irakasleen kopuruaren beherakadea. 2011-2012 ikasturtetik aurrera, urtez-urte helduen euskalduntze sistematik kanpora doazen irakasleen kopurua sartzen diranana baino handiagoa izan da. Azken ikasturtean, 10 irakasletik batek itxi egin dau helduen euskalduntzea. Nabarmena da euskaltegietan lan egiten daben irakasleen zahartze prozesua eta ordezkapena ez datorrela nahi bezelai, irakasle gazteak ez dira, behar dan neurrian, helduen euskalduntzean barruratzen. Arrazoiak bat baino gehiago dira baina euskaltegi pribatuetako irakasleek, udal euskaltegietako irakasleakaz alderatuz, lan-baldintza eskasagoak ditue, bai soldata eta bai lan orduei erreparauta:
· Sare bietako irakasleen arteko soldata aldea ia % 40koa da.
· Irakasleek emoten dituen eskola-orduetan ere aldea nabarmena da: euskaltegi pribatuetan 1.000 eskola-ordu inguru dira, eta publikoetan, barriz, 735 eskola-ordu. Hau da %26,5 gehiago pribatuetan.
Bestalde, euskaltegietan lanean hasten diran irakasleen asmoa ez da epe luzerako izaten. Gehienek, helduen euskalduntzean lan egitea aldi baterako esperientzia hartzeko bidetzat hartzen dabe eta askok urte bi igaro ondoren alde egiten dabe. Euskaltegietan eskatzen dan maila akademikoa irakaskuntzako beste sare batzuetan eskatzen danaren antzekoa da baina lan-baldintzak eskasagoak dira euskaltegietan eta beraz, hurreratzen diran irakasle barri gehienek hezkuntza sareko beste eremu batzuetara alde egiten dabe. Horri guztiari aurre egiteko euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa dau Eusko Jaurlaritzeak.
Nabarmentzekoa da euskalduntzean jarduten dauen kolektiboa oso feminizauta dagoala, guztira 1.566 langile izanik, 1.028 emakumeak dira.
Autortza ekonomikoa
2020tik dagoan pandemia-egoerak euskaltegiek neurri aurrerakoiak hartzea ekarri dau: ikas eredu erdi-presentzialak indartu dira, autoikaskuntza tutorizatuak gero eta ikasle gehiago ditu eta azkenik, teknologia barrien eta ikas-irakaskuntzarako plataformen erabilereak irakasteko molde barrien ezarpena ekarri dau. Gaur egungo euskaltegietako irakasleak ondo egokitu dira egoera barri horretara eta kalidadeko irakaskuntzea eskaini dabe. Eskaini beharreko irakaskuntzea, eraginkorra izateaz gan, malgua eta teknologiaren barrikuntzetara egokitua beharko dau izan eta horrek aldaketa ugari ekarriko ditu irakasleen prestakuntzan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eretxiz, irakasle horreen autortza profesional zein ekonomikoa indartzearen preminea nabarmena da. Horretarako bide emongo dau gaur aurkeztutako euskaltegien finantzazinorako sistema barriak.
Lau urtean % 36ko igoerea
Gizarte ekimeneko euskaltegietako irakasleen lan-baldintzen hobekuntzearen helburua udal euskaltegietako irakasleakaz dagoan aldea gitxitzea da. Horretarako, gaur egun euskaltegi pribatuen urteko soldatea 25.000 eurokoa izanik ia 34.000 eurotara igon nahi da lau ikasturteren buruan, hau da, % 36 gehiago. Bestalde, urteko eskola orduak 1.000 ordutik 809 ordutara bajauko dira lau urteren buruan, hau da, ia % 26,5 gitxiago.
Helburu hori lortzeko Eusko Jaurlaritzeak eta euskaltegietako ordezkariek gaur aurkeztu dabena lau ikasturterako akordioa da eta dirulaguntza deialdi bi izango ditu: lehenengoa 2021ean bideratuko dana 2021-2022 ikasturterako; eta bestea, 2022an gauzatuko dana eta hurrengo hiru ikasturteak babestuko dituana, hau da, 2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteak. HABEk bideratuko ditu, gaur egun egiten dauen bezela, diru laguntza horreek eta helburua 2024-2025 ikasturterako finantzazino publikoa % 70era heltzea da (gaur egun % 63,3koa da).
Sistema barri honetan, helburua lortu bitartean, euskaltegi pribatu homologatuek eta autoikaskuntzarako zentroek irakasleen lan-baldintzen hobekuntzea bete bitartean jasoko dabe dirulaguntzearen gehigarria, hau da, euskaltegiaren esku gelditzen da soldata igoerak erabagitea eta horren arabera handituko dau dirulaguntza kopurua HABEk.
Salto kualitatibo handia emongo da lau ikasturteko ekinbide hau amaitzen danean: irakasleen lan baldintzak hobetu eta irakaskuntzearen kalidadea indartuko da. Helduen euskera-irakasle izan nahi dabenei bidea erraztu eta egun jarduten dabenei jagoken autortza ekonomikoa zein soziala emongo jake.
Euskaltegiak
Egungo osasun egoerearen ondorioak antzeman diran arren, gaur egun euskaltegi pribatuetan 30.000 ikasletik gora dagoz 101 zentrotan euskerea ikasten, beraz, % 13 baino ez dau egin behera ikasleen matrikulazinoak. Osasun egoereak eraginda euskaltegietan irakaskuntza mistoaren aldeko apustua nabarmena da eta eskaintza presentziala eta autoikaskuntzakoa tartekatzen dira beti be irakaskuntza gero eta personalizatuago bat eskaintzeko eta ahalik eta zerbitzu eraginkorrena emoteko helburuari eutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!