Hizkuntza Eskubideen inguruko proiektu pilotuak Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten

Bizkaie! 2021-04-14 12:27   Euskerea berbagai

Kontseiluak bultzatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa da esperientzia honen oinarria. 

Kontseiluko eta hiru udaletako ordezkariak, Hendaian (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

2016an aurkeztu eban Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta, horretan oinarrituta, lekuko administrazinoetara egokitutako agiri bana, 2019an eta 2020an. Teorian jasotakoa praktikan ikusteko momentua heldu da orain, Hendaia, Uharte eta Arrigorriagako udalek egindako aurrerapausoari esker. Proiektu pilotuan, hiru herriotako egunerokoan protokoloak dinoanaren arabera lan egingo dabe. 

Hendaian egin dabe proiektu pilotuaren aurkezpena. Ekitaldian izan dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Edorta Beltzunegi Uharteko alkateordea. Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak egin deutse ondoetorria danei.

Administrazino bakotxak bere ezaugarriak dituanez, protokoloaren edukiak lekuan lekuko errealidadera egokitzea ezinbestekoa da. Hortaz, ez da kasualidadea proiektu pilotuko herri bakotxa Euskal Herriko eremu administratibo nagusietako batekoa izatea: Ipar Euskal Herrian dago Hendaia, Nafarroako Foru Erkidegoan Uharte eta Euskal Autonomia Erkidegoan Arrigorriaga.

Proiektu zinez barritzailea da, oinarri bera erreferentziatzat harturik, euskal lurralde osorako baliogarria izango dan hizkuntza politikako ildo nagusiak definidu ahal izango doguz, azpimarratu dau Paul Bilbaok. 

Hiru udalen laguntzinoa eskertu dau Kontseiluak, baina Bilbaok Hendaiaren borondatea txalotu dau beren-beregi, euskereak Ipar Euskal Herrian ez dauela autortza juridikorik kontuan hartuta: pausuak egin leitekez borondatea egon ezkero

Arrigorriagaren kasuan, ostera, Kontseiluak uste dau esperientzia pilotua balio handikoa izango dala euskereak aldekotasun juridikoa dauen lurraldeko udal baten zer falta dan eta zer dagoan egiteko ezagutzeko. Uhartekoa be kasu interesgarria da, Nafarroako eremu mistoan dagoalako. 

Proiektu pilotua fase bitan banatuko dabe. Lehenik eta behin, Udal eta Herriko Etxeetarako Garapena agirian oinarrituta, diagnostikoa egingo dabe Hendaiako, Uharteko eta Arrigorriagako egoerea ezagutzeko. Udal ordezkariek, teknikariek eta euskalgintzako eragileek hartuko dabe parte atal honetan.

Bigarren fasean hizkuntza politikako lerro nagusiak definiduko ditue. Prozesuari esker, udalek prest izango dabe euren herriko hizkuntza politikea zehazteko eta aurrera eroateko bidea.

Hiru administrazino, hizkuntza bat

Udalean euskerearen inguruan hartu nahi daben norabideagaz bat dator Kontseiluak egindako proposamena, Arrigorriagako alkate Maite Ibarraren arabera. Horregaitik, zalantza barik onartu dabe proiektu pilotuan parte hartzea. Eragileen arteko alkarlanak emoitza oparoak eskainiko deuskuzalakoan gagoz, ganeratu dau Ibarrak.

Erakunde ugarigaz euskerearen atalean lankidetzan ibili eta gero, Hendaiak pausu bat gehiago egingo dauela dino Kotte Ezenarro alkateak: Hendaia uri pilotua izango da diagnostikoa egin eta proposamenak lantzen, eta, agian, eredua ezarten

Maite Ibarraren esanetan, herritarren hizkuntza eskubideak erdigunera ekarri nahi doguz, zehar lerro lez garatu eta landu, gure jardun politikoaren zutabe bihurtuz.

Hiru alkateek eta Kontseiluak erronkatzat aurkeztu dabe proiektu pilotua, baina, alkarlanari esker, emoitza onak emongo dituala ziurtatu dabe. Kotte Ezenarrok gogora ekarri dauenez, lurralde bakotxeko eskumenak eta legeak ezbardinak dira, baina euskereak batzen ditu. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu