Remigio Mendibururen izakeran sakondu dau Bilboko Arte Eder Museoak
2021-04-13 13:42 KultureaArtistearen ibilbide osoaren errepasoa egiten dauen erakusketea irailaren 5era arte ikusi ahal izango da.
XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskultorerik esanguratsuenetako bat izan zan Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990); euskal artea barritu eben sortzaileen artean dago, Oteiza, Chillida, Zumeta, Balerdi eta enparauakaz. Irailaren 5era arte, ibilbide oparo horren errepasoa egiten dauen erakusketea ikusi ahal izango da Bilboko Arte Eder Museoan, Mendiburu. Materia eta memoria izenburupean.
Museoko arduradunek aurkezpenean azaldu dabenez, Mendibururen izakeran sakondu dau Juan Pablo Huércanos komisarioak, formatu askotako ehun pieza ingururen bidez (eskulturak eta papel ganeko lanak dira gehienbat). Artistearen ibilbide osoa kontuan hartu dau Huércanosek erakusketea atontzeko, 1950eko hamarkadako lehenengo obretatik 1980ko hamarkadara arte.
Jorge Oteiza Fundazinoaren Museoko zuzendariordea eta euskal eskulturan aditua da Juan Pablo Huércanos, eta ederto ezagutzen dau Remigio Mendibururen obrea. Erakusketeagaz lotutako argitalpena berak idatzi dau, Mikel Onaindiaren kronologia historikoaz lagunduta.
Egurra izan zan Remigio Mendiburuk gehien erabili eban materiala, eta horren bidez sortu zituan estilo personal eta garaikide nabarmeneko eskulturak. Pieza handiak ohikoak dira Mendibururen ibilbidean, baina azken urteetan formatu txikiagoei lekua egiten hasi zan.
Mendibururen eskulturek bere sasoiko konbentzionalismo ugari apurtu zituen eta esperimentazinorako bidea erakusten dabe. Artistearen lanaren ezaugarriak eta hamarkadaz hamarkada gehitzen joan zan kontzeptuak ezagutuko ditu publikoak, eskulturak sortzeko prozesua bertatik bertara ikusita.
Eten bako esperimentazino horren bilakaerea zehatzago ikusteko, modu kronologikoan antolatuta dagoz erakusketako pieza asko, museoko lau aretotan banatuta. Lehenengoan, 1960ko hamarkadan Mendiburuk esperimentazinoari eta materialak ezagutzeari ekin eutsaneko piezak dagoz.
Bigarren aretora pasauta, elementuak pilotzeko jokerea ikusiko dau publikoak. Hirugarrenean, mihiztaduren eta korapilotzeen aretoa da. Azkenik, 1980ko hamarkadearen erdialdetik aurrera, formatu handia alboratu eta bestelako hizkera artistiko baten bila ibili zaneko piezak dagoz laugarren gelan.
Remigio Mendibururen eta beste norbanako partikular batzuen lagapenak dagoz erakusketan, baita beste museo eta erakunde batzuen bildumetakoak be, esate baterako, Donostiako San Telmo Museokoak eta Gasteizko Artiumekoak. Erakusketearen babeslea BBK Fundazinoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!