Sherpa.ai enpreseak eta Deustuko Unibersidadeak hitzarmena sinatu dabe
2021-04-13 13:37 KultureaAdimen Artifiziala modu praktikoan sustatzea da asmoa.
Alkarregaz lan egiten dabe Adimen Artifizialeko ikasgela teknologiko espezializatu bat sortzeko, hainbat arlotan teknologia apurtzailea dan hori ikasteko, besteak beste, alkarrizketarako Adimen Artifiziala, Adimen Artifizial prediktiboa eta gomediotara zuzendutako Adimen Artifiziala, edukiaren analisirako Adimen Artifiziala eta federtutako Adimen Artifiziala.
Lankidetza honen helburua da ikaskuntza-eredu barritzaile bat sustatuko dauen espazio bat sortzea, abangoardiako teknologia horren azken garapenak ikasleei helarazoteko. Erakunde bietako irakasle, ikertzaile eta profesionalek eta munduko erreferente batzuek ezagutzea konpartiduko dabe Deustuko Unibersidadeko Adimen Artifizialeko Graduko eta Injinirutza Fakultadeko ikasleakaz.
Adimen Artifiziala ikasleei hurreratzeko modu bat da, sektoreko enpresa lider baten eskutik. Sherpa.airen teknologia aurreratuenetako bat da nazinoartean. 2020an, enpresa AAko 10 konpainia garrantzitsuenetako bat izentau eben, Google, IBM, Amazon eta Microsoftegaz batera.
Guretzat harro egoteko modukoa da Deustuko Unibersidadeagaz alkarlanean jardutea, etorkizuneko talentudunen prestakuntzan parte hartuz eta Adimen Artifizialaren potentziala erakutsiz, gizateriaren eta gure planetearen erronka asko konpontzeko kapaz dan tresnea, adierazo dau Xabi Uribe-Etxebarriak, Sherpa.airen sortzaile eta CEOak.
Adimen Artifiziala aparteko tresnea da, egunero aplikazino-sektore askotan sortzen diran datu-pilaketak balioesteko. Aukerak ikaragarriak dira, azaldu dau Asier Perallosek, Deustuko Unibersidadeko Injinirutza Fakultadeko dekanoak. Halan da be, hain azkar eboluzionetan dauen gai batean unibersidadeko prestakuntzearen buru izan ahal izateko, ezinbestekoa da AA ikuspegi teorikotik ez eze, AA produkzino-sektoreetan apliketako erreferenteakaz lankidetza estuan be lantzea, Sherpa.ai-en kasuan bezela. Holako kolaborazinoei esker, ikasgeletara lehen mailako enpresa-arrakasta eta abangoardiako teknologia kasuak ekarteko kapaz gara.
Hain zuzen be, Massachusettseko Teknologia Institutuaren datuen arabera, arlo honetan erreferentea dana, enpresen % 90 inguruk aurreikusten dau datozen 3 urteetan teknologia adimentsua erabiltea negozio-prozesuen zati batean; eta hainbat adituren ustez, AA XXI. mendeko industria barri garrantzitsuena izango da.
Horregaitik, Deustuko Unibersidadeak Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala (GCDIA) izeneko gradu barri bat jarri dau martxan ikasturte honetan. Gradu horren helburua da profil profesionalak sortzea, datuen kudeaketa eta analitika aurreratua menperatzeko eta AA-n oinarritutako enpresa-prozesuak optimizetako eta automatizaetako urtenbideak jorratzeko. Sherpa.aik eta beste konpainia lider batzuek (Microsoft, adibidez) parte hartzen dabe gradu barrian, eta enpresa eta industria-ehunaren eta, azken finean, gizartearen eskaera horri erantzuteko kapaz diran profesionalak trebatzea dau helburu.
Deustuko Injinirutza Fakultadea
Deustuko Unibertsitatea gizarte-ekimeneko zentro bat da, campusa dau Bilbon eta Donostian eta egoitzak Gasteizen eta Madrilen. 130 urtetik gorako esperientzia dau Goi Mailako Hezkuntzan eta ekarpen handia egiten deutso garapen ekonomiko, sozial eta teknologikoari.
Injinirutza Fakultadeak eta bere DeustoTech - Deustuko Teknologia Institutuaren bidez, ikerketa lanetan dabil arlo teknologikoetan eta berorien aplikazino espezifikoa adimen artifizialean, konputazino ubikualean eta konputazino sistemetan, hainbat sektoretan aplikagarri izanik.
Jarrera ekintzailea, enpresako prestakuntzea (programa dualen bidez) eta praktiken bidezko enplegagarritasuna sustatzen dira ikasleen % 100entzat. Unibersidadearen ezaugarria da justiziagazko konpromisoa edo nazinoarteko proiekzinoa, bai proiektuei jagokenez, bai mundu osoko 68 herrialdetatik etorritako ikasleen % 15en presentziari jagokonez be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!