'Kultura Bizi Gunea' izango da Gasteizko Iradier Arena

Bizkaie! 2021-04-13 11:06   Kulturea

Edukiera mugatuko ikuskizunak egongo dira maiatzetik irailera.

Kultura Bizi Gunea aurkezteko ekitaldia (argazkia: Vitoria-Gasteizko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako erakunde eta eragile ugarik egin dabe bat Kultura Bizi Gunea aurkezteko, herrialdean eskaintza kulturala suspertzera datorren ziklo barria. Maiatzetik irailera hainbat ikuskizun antolatuko ditue Gasteizko Iradier Arenan, eta bakotxean 600 lagun sartuko dira, osasun eta segurtasun neurri guztiak beteta. 

Ekimen barria aurkezteko ekitaldian izan dira Ana del Val, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputadua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-eko zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazino arduraduna; eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Kultura Bizi Gunea eragile horreen guztien arteko alkarlanari esker sortu dala azpimarratu dabe. Erakunde publikoen eta kulturearen arloko agenteen artean entzute aktiboa egon da, ahalik eta egitaraurik aproposena atontzeko. 

Iradier Arena arabarrentzat erreferente bihurtzeko bidean beste pausu bat izango da zikloa, ganera. Izan be, erabilera ugaritako azpiegiturea eta Principal Antzokiaren alternatibea izateko gabezia batzuk konpondu behar dirala onartu dau Paco Galvanek, baina pixkanaka badoaz hobetzen. 

Irailera arteko egitaraua guztiz zehaztu barik dago oraindino, baina lehenengo hitzorduen barri emoten hasi dira Kultura Bizi Guneko arduradunak. Maiatzaren 15ean, La Excavadora eta Crim egongo dira oholtzan; hil horren 22an, Talco eta The Potes; eta 29an, Gatibu.

Ganera, datak zehaztu barik dagozan arren, lotuta dagoz The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre. Egitaraua eguneratu ahala, kulturabizia.eus webgunean emongo dabe informazinoa. 

Ekimenaren bultzatzaileek, hau da, erakunde publikoek eta babesleek, azpiegiturea eta azpiegitureagaz lotutako laguntzinoa emongo deutse kulturgileei. Programazino iraunkorra izatea da Kultura Biziaren asmoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu