Maurice Ravel sinfonikoa dakar Euskadiko Orkestreak
2021-04-12 13:43 MusikeaZiburuko konpositorearen nortasun euskalduna erakusten dau disko barriak.
Erronka gatxa izan dau Euskadiko Orkestreak, Maurice Ravel konpositore ziburutarraren (1875-1937) musikearen grabazino asko egin diralako lehendik be, batzuk bikainak. Robert Treviño zuzendari titularrak gidatutako proiektu honetan, beraz, orain arte gitxi landu dan ikuspegia bilatu dau Orkestreak, Ravel sinfonikoaren erakusgarri diran piezak disko baten batuta. Ganera, konposizino horreetan, ziburutarraren nortasun euskalduna agiri dala azaldu dau Treviñok.
Ondine Records etxearen eskutik plazaratu dau diskoa Euskadiko Orkestreak, nazinoarteko zabalkundea emoteko asmoz. Izan be, mundu guztian ospea dauen konpositorea da Maurice Ravel.
Maurice Ravelen musikeagaz Euskadiko Orkestreak grabetan dauen bigarren diskoa da hau. Lehenengoa 2000. urtean argitaratu eban, Gilbert Varga orduko zuzendari titularra eta Joaquin Achucarro pianistea buru. Treviñorentzat, ostera, Ziburuko konpositorea oinarri dauen lehenengo diskoa da.
Robert Treviño zuzendariak betidanik izan dau loturea Ravelen musikeagaz. Denporaldiko kontzertu ugaritan ez eze, Pariseko Théâtre des Champs-Elysées antzokian Euskadiko Orkestreagaz egindako estreinaldian be Ravelen pieza batzuk aukeratu zituan. Oraingoan, diskoaren txandea heldu da.
Euskadiko Orkestreak lotura estua dau Maurice Ravelen musikeagaz, adierazo dau Treviñok, diskoa aurkezteko agerraldian. Ravelen musikan pasarte asko dagoz euskaldun lez antzemon zeinkezanak, bere musika osoak ezkutatzen dituan erritmo edo esamolde herrikoiak.
Treviñok onartu dau Ravelen konposizinoetan kolore frantses asko dagoala, baina euskal zintzotasuna eta determinazinoa be igarten dira. Treviñok eta Euskadiko Orkestrako musikariek birpentsau egin behar izan dabe Ravelen obrea, euskaldunak ez diran orkestrentzat horren nabarmenak ez diran egiak azalera ekarteko asmoz.
Diskoa Donostiako Kursaal Antzokian grabau eben 2020ko urrian, Treviñoren zuzendaritzapean. Osasun neurri guztiak betez, 90 musikariak hartu eben parte. Ravelen pieza esanguratsuak jo zituen, esate baterako, Bolero eta Rapsodie Espagnole.
Formatu fisikoan (CDan) zein plataforma digitaletan (Spotify, Apple Music, iTunes...) dago salgai diskoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!