'Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz' erakusketa ibiltariak lurraldea zeharkatuko dau
2021-04-12 13:41 KultureaBizkaiko lau barrutietan ibiliko da, ehundaka urte dituan erakunde horren garrantzia nabarmentzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz erakusketa ibiltariari esker, XIV. mendetik lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan erakundearen indar historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emotea da asmoa. Formatu handiko 12 panelen bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Bizkaiko herritarrei euren eguneroko funtzionamentua eta Euskadiko erakunde-arkitekturearen barruan hartzen joan dan garrantzia, joanekoa zein oraingoa, helduarazoko deutse. Bizkaiko herritarrakan eragina daben hainbat erabagi bertan hartzen dira. Bilbon maiatzaren 6ra arte egongo da erakusketa eta, ostean, Getxon, maiatzaren 7an; Portugaleten, bagilaren 3an; eta Durangon, garagarrilaren 1ean.
Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua eta Amaia Arregi Romarate, Bilboko Udaleko jarduneko alkatea, izan dira Ercilla kaleko oinezkoen tartean erakusketea inauguretako ekitaldian. Erakusketeak Bizkaia osotzen daben lau barrutiak bisitauko ditu aurten. Bilbon maiatzaren 6ra arte egongo da, eta Getxora maiatzaren 7an helduko da. Horren ostean, bagilaren 3an Portugaletera iritsiko da eta garagarrilaren 1ean Durangora. Asmoa, erakusketa honen bidez erakundea hobeto ezagutzea eta Europako lehen sistema parlamentario eta demokratikoetako bati balioa emotea da.
Aurkezpenean, Otaduik azpimarratu dauenez, Batzar Nagusiak XXI. mendeko legebiltzarra dira. Bizkorra, dinamikoa eta ordezkatzen dituen herritarrakaz eten bako loturea dauena. Hori horretara izanik, ez dogu ahaztu behar erakundeak tradizino historiko handia dauala, susterrak Erdi Aroan dituana. Batzar Nagusietan Bizkaiko herritarrakan eragin zuzeneko erabagiak hartzen dira, horreen artean, aurrekontuen onarpena, zergak, errepideak, garraioak, gizarte-laguntzak, egoitzak, enpleo-gaiak, ingurumena, museoak, kulturea... Horregaitik, gure helburua erakunde horrek egiten dauen lana ezagutuarazotea da.
Beste alde batetik, Bilboko jarduneko alkateak nabarmendu dauenez, Bilbok, Bizkaiko Lurralde Historikoaren uriburuak, harrotasunez hartzen dau Batzar Nagusiak erakundearen egoitza ofiziala. Bertan, astero eztabaidatzen baitira gai politiko, instituzional, ekonomiko, kultural zein gizarte mailakoak eta horrek Bizkaiko udalerri guztiakaz lotzen gaitu. Bilboko herritarrei erakusketa hau ikustea gomendatzen deutset, Bizkaiko legebiltzarraren errealidadea eta garrantzia sakonago ezagutu deiezan. Bilbotik Bizkaira, Bizkaitik Bilbora. Gure historia danon artean eregiko dogu. Gure historia, erakundeak eta bertan egiten dan lana ezagutzea ezinbestekoa da geure burua, joandakoak eta etorkizuna ezagutzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiak tradizino historiko handikoak dira, horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagoko sasoietan dago eta, logikoa danez, Gernikako Batzar Etxearen eraikuntzara jatorku burura. Bizkaiko Batzarrak Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat da, baina, askotan, herritarrek ez dabe horren barri eta hori dala eta, Batzarretako egungo buruak erakundea bere lau egoitzetatik ataratea erabagi dau eta Bizkaiko barruti guztietara eroan, testuen eta irudien bitartez erakundearen balio historiko aberatsa eta Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzarako eta partaidetzarako organu gorenean hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko.
Erakusketan funtzino parlamentarioa zein ondare aberatsa ezagutuko ditugu etas erakunde parlamentario moduan, Bizkaiko garapenari laguntzen deutsen ekimen asko bultzatzen ditu. Batzarrek arauak egiteko ahalmena dabe eta Foru Arauak emoten ditue Lurralde Historikoen Legeak autortzen deutsen gaietan, errepideetan, garraio publikoan, gizarte-laguntzan, zerga-politikan, nekazaritzan, museoetan eta bestelakoetan. Modu berean, lurraldeko gobernuaren, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, jarduerea kontrolau eta bultzatzen dabe.
Informazino-panelek Batzar Nagusien eskumen-egitura aberats hori guztia eta bertako kultur ondarea azaldu gura dabe. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) edukien artean eta zehetasun handiagoak topauko ditugu egoitza nagusian, Gernikako Batzar Etxean, egoitza nagusia dalako eta Gernikako Arboleari, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloari, babesa emoten deutsolako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!