Pello Lizarralde eta Joxean Agirre, 111 Akademiaren Sariko finalistak

Bizkaie! 2021-04-12 12:28   Kulturea

Botoa emoteko aukerea dabe akademiakideek apirilaren 22ra arte.

Joxean Agirre eta Pello Lizarralde | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko fasean boto gehien eskuratu dabenak diranez, 2020ko liburu onenaren 111 Akademiaren Saria irabazteko azken lehian sartu dira Pello Lizarralderen Argiantza (Erein) eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat (Elkar). Akademiako kideek botoa emoteko modua izango dabe, apirilaren 22ra arte, eta hile honen amaiera aldera esango dabe zein dan aurtengo irabazlea. 

Honako hau hirugarren botazinoa izango da. Lehenengoan, akademiakideek 2020ko euskerazko libururik gustukoenaren alde emon eben botoa, eta babes gehien jaso eben bostak pasau ziran hurrengo fasera, honeek: Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat.

Bigarren itzuli horretan bost hautagaietako batek be ez dabenez botoen % 40 batu, boto gehien izan dituen biak hirugarren bozketara pasau dira, kasu honetan Joxean Agirreren eta Pello Lizarralderen liburuak. Hirugarrena bai, behin betikoa izango da, boto gehien batzen dituana izango da irabazle. 

Pello Lizarraldek 1982ra eroango gaitu Argiantza nobelan. Zinema-areto ugaritako gerentea da protagonistea, negozioaren egoera gatxean aurrera egin guran. Lizarralderen obran ohikoa dan estilo soila, ekintzen ganetik zentzumenetan eta sentipenetan arretea jarten dauena, topauko dau irakurleak. Azkenaldion euskal irakurleen artean estimu handiko estiloa bihurtu da Lizarralderena, kritika onak eta 111 Sariko finalera heldu izana horren erakusgarri. 

Joxean Agirreren Nobela errealista bat, bestetik, ezustean nobela bat idazteko enkargua jaso dauen taxilariaren inguruko istorioa da. Agirrek ohikoak dituan sensualtasunari, metaliteratureari eta dotoreziari beste ezaugarri batzuk batu jakoz oraingoan, hari bat baino gehiago aldi berean jorratzea, adibidez. Euskal Herriko oraintsuko historiako zertzelada bitxiak be agiri dira kontakizunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu