Gitxienez 19 euskal talde izango dira 56. Jazzaldian
2021-04-12 08:27 MusikeaHorreen artean dagoz Katapulta Tour zirkuituan aukeratutako laurak.
Donostiako 56. Jazzaldia badoa egitaraua zehazten, pixkanaka bada be. Egunotan, euskal taldeen zerrendea emon dau, behin behinekoa, ze geroago ez da baztertzen izen gehiago batzea. Oraingoz, 19 talde dagoz baieztauta.
Euskal jazz taldeen artean egindako prozesuan aukeratutako hamar talde dira horreetako batzuk. 2006tik egiten dau Jazzaldiak prozesua, baina aurtengoa sekula baino luzeagoa izan da: 2020an hasi, pandemiagaitik geratu, gero berrekin eta 2021ean amaitu.
Hamarreko moltso horretan dagoz Asier Ardaiz & Friends; De 2 En Blues Band; DOS; Horda; Hutsun Txalaparta-JEL Trio; Les Fous; Mojo Hand; Monk's Sphere; No More Jazz Brass Band; eta Swingtronics.
Azkenaldion diskoa kaleratu dabenen moltsoa da hurrengoa. 2019an eta 2020an diskoa argitaratu daben euskal talde zein bakarlarien artean aukeratu ditue, danetara bost: Alberto Arteta; Ghost Number; Paul San Martín; Sara Mansilla; eta Machetazo.
Azkenik, Katapulta Tour zirkuituan ibili diranen artetik aukeratu ditue beste lau izen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Kultur-ek sustatutako zirkuitu horren bidez, Gipuzkoako talentu gazteei musikearen eta arte eszenikoen arloan bultzadea emoten jake.
Aurtengo Katapulta Tourren hamar talde eta bakarlarik hartu dabe parte. Donostiako Jazzaldian jo deien, honeek laurak aukeratu ditue: Antía Muíño, Blanquita Carraquela, Sara Azurza eta Yo Ciervo.
Donostiako 56. Jazzaldia garagarrilaren 21etik 25era egingo da. Bertoko banden egitarau oparoa atontzea espero daben arren, antolatzaileek zalantza gehiago dabez nazinoarteko izarren zerrendeagaz. Izan be, pandemiaren bilakaerearen eta bidaiak egiteko baimenen araberakoa izango da hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!