Badator I. Señora Sariketea, bertsozale feministek atondua
2021-04-09 09:32 BertsolaritzeaBelaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahaldundutzean pauso bat gehiago emotea da asmoa.
Apirilaren 17an hasiko da I. Señora Sariketea. Hamalau emakume bertsolarik hartuko dabe parte Aramaion eta Mutrikun egingo diran kanporaketetan eta maiatzaren 8an Lesakan egingo dan finalean. Lehenengo kanporaketa Aramaioko kultur-etxean izango da apirilaren 17an eta kantauko dabenak Haizea Arana, Oihane Perea, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Alazne Untxalo. Ainhoa Urienek egingo ditu gidari lanak.
Bigarren kanporaketea Mutrikuko Kalbarioko ermitan egingo da apirilaren 24an. Oihana Bartra, Saioa Alkaiza, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Arana, Paula Amilburu eta Aissa Intxausti jardungo dira kantari Maite Berriozabalen gaiei erantzunez.
Azkenik, finala maiatzaren 8an izango da Lesakako Arrano tabernako terrazan. Aramaio eta Mutrikuko saioetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera eta bertan kantauko daben beste bertsolari biak finalera zuzenean sailkatuta dagoz dagoeneko señora izateagaitik, baina nor diran ez dogu jakingo eguna heltzen dan arte.
Saioak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta sarrerak saioa egingo dan herrian bertan edo bertsosarrerak.eus webgunean erosi ahal izango dira.
Ekimen hau zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek atondu dabe tokiko herri eragile eta mobimentu feministako kideakaz alkarlanean. Sariketearen helburua emakume bertsolariek alkarregaz kantetako aukerea izateko guneak sortzea eta emakumeek plazan daben presentzia indartzea da.
Umorea tresna nagusi dala, señora izakereari aldarri egingo jako, kontzeptu lausoa baita señora izatea, zehazten gatxa baina, aldi berean, danok ulertzeko kapaz garena, andra zaharragaz, bakardadeagaz edo ausardiagaz lotua. Sarritan gitxietsia edo epaitua, baina desiratua be bai batzuetan. Holan, belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahaldundutzean pauso bat gehiago emotea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!