'Leiho bat edegi dogu eta danak edegiteko lanean jarraituko dogu'

Bizkaie! 2021-04-08 13:51   Euskerea berbagai

Berezko hizkuntzen kudeaketea justizia eta bardintasun parametroen arabera eztabaidatzea lortu dogu.

Agerraldi bateratua egin dabe Bilbon (Euskalgintzearen Kontseilua), Santiagon (AMESA), Valentzian (ACPV, Escola Valenciana eta Plataforma per la Llengua), Zaragozan (NOGARA) eta Xixonen (Iniciativa pol Asturianu) Legez Besteko Proposamena sustatu eben eragileen zenbait ordezkarik eta aurrera begira modu bateratuan jarduteko konpromisoa berretsi dabe.

Paul Bilbaok eragileek izandako erantzukizuna eta malgutasuna azpimarratu nahi izan dau: Gure aldetik prestutasuna izan da adostasunetara heltzeko, horrexegaitik ulergatx egin jakun eragileoi hizkuntza-bardintasuna lako printzipioei uko egiteko eskatu izana. Halan da be, proposamen osoa baztertuko zala pentsau arren, azkenean, eragileon presinoari esker leihoren bat edegitea lortu genduan, ez guk nahi beste, baina arrakalea egin genduan. Bilbaok azpimarratu nahi izan dau oraintsu Europak berak berretsi dauela Estaduak nahitaez aldatu behar dauela hizkuntza-politikea, izan be, oraintsu Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak txostena argitaratu dau Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren harian eta Estaduak hainbat gomendio bete ez dituala berretsi dau.

Edegitako leihoa

Diputaduen Kongresuak onartutako puntuek zelako eragina izan leikien zehaztu dabe eragileek: Iniciativa Pol Asturianu erakundeko ordezkari Ivan Llerak egin dau ofizialtasunaren inguruan onartutako puntuari buruzko balorazinoa: Gure hizkuntzeari jagokonez, bultzada handia emoten deutso gure lanari eta, beraz, baita Xunta Xeneralen ofizialtasuna defendiduten daben alderdien jarrereari be. Asturiasko Gobernuak behin baino gehiagotan adierazo eban 2021eko irailean Autonomia Estatutua aldatzeko prozesuari ekingo eutsola. Orain, ofizialtasuna babesten daben alderdien aurrean presinoa indartu ahal izango dogu, Estatutuaren erreformeari buruzko eztabaidea lehenbailehen zabaltzeko, baita galiziereari Eo-Naviako kontzejuetan estatus hori autortzeko be.

Llerak gogoratu dau ofizialtasunaren puntu horrek beste hizkuntza batzuei be eragiten deutsela: Aragoiko Estatutuan aragoierearen eta katalanaren ofizialtasuna sartzeko erabili daiteke, laster Estatutua erreformauko dala aprobetxauta. Nafarroan be, gogoratu behar da hizkuntzea ez dala ofiziala lurralde osoan eta onartutako puntuak holako kasuei be erreparetan deutse.

Espainiako Kongresuak onartutako bigarren neurria eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazino-erabilerea eta hedabideen harrereari buruzkoa izan da. Horren balorazinoa Escola Valencianako idazkari Alexandra Usók egin dau: Katalanari jagokonez lortu behar da erabilerarako eragozpenik ez egotea, nahiz eta hizkuntzearen izena desbardina izan lurralde bakotxean, estatutuen arabera, katalana Katalunian eta Ugarteetan, valentzierea Valentzian. Valentzierea eta katalana izendapen baliokideak dirala eskatu beharko litzateke eta testuak balio beharko leuke Estaduko Abokatutzeari eskatzeko ez daiala barriro auzitan jarri hizkuntza-bereizketearen alde.

Leiho gehiago

Plataforma per la Llenguako ordezkari Francesc Marcok gogoratu dau leiho batzuk edegi badira be, beste batzuk nahita itxi dituela zarratuta: Ulergatxa egiten jaku zenbait alderdik benetako sendotasuna erakutsi ez izana, Madrilen esan bezela, justizian eta bardintasunean oinarritutako hizkuntza-kudeaketearen eredu barri bati hasierea emoteko.

Aurrera begira

NOGARAko Chuserra Barriosek hurrengo urratsen barri emon dau: Orain urte bi ekin geuntsan lankidetza-bide honi eta jarraitzeko asmoa dogu. NOGARAko eledunak aurreratu dau bilera albait arinen izatea aurreikusten dabela eragileek: Ezin deutse uko egin berezko hizkuntzen alde lan egiten dogun eragile nagusienei. Gure asmoa, orain arte legez, erantzukizunez jokatzea da eta uste dogu badala sasoia urrats sendoak emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu