'Ura bere bidean', euskal kantu ezagunentzako bizi barria

Bizkaie! 2021-04-08 13:07   Musikea

Fernando Velázquezek egindako moldaketak grabetako alkartu dira BOS, Bilboko Korala eta 14 banda eta bakarlari.

Fernando Velázquez eta Gatibuko Alex Sardui, proiektuaren grabazinoan (argazkia: Unai Rementeria/BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egunotan, Ura bere bidean proiektuko kantuak grabetan dabiz Bilboko Euskalduna Jauregian. Alkarlanari esker jaio dan proiektu barria da hori, erakunde publikoak, eragile kulturalak eta artista ugari batu dituana, euskerazko musikearen inguruan. Gure kantutegiko pieza ospetsuei bizi barria emongo deutse ekimenak, Fernando Velázquezen bersino barriei esker.

Bizkaiko Foru Aldundia, Fair Saturday Fundazinoa eta Laboral Kutxa dira Ura bere bidean proiektuaren bultzatzaileak. Fernando Velázquez zuzendariak egin ditu euskal kantu ospetsuen bersino barriak, eta 14 talde, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Alkartea dabiz Euskaldunako grabazinoetan parte hartzen. Soinua ez eze, bideoklipak be grabetan dabiz.

Talde edo bakarlari bakotxak kantu bat grabauko dau, Orkestrearen eta Koralaren laguntzinoagaz. Honeek dira talde eta bakarlariak: Hertzainak, Doctor Deseo, Gatibu, Su Ta Gar, Mikel Urdangarin, La Oreja de Van Gogh, Sua, Huntza, Olatz Salvador, Mabü, Idoia, En Tol Sarmiento, Zea Mays eta El Drogas.

Goi mailako artistak dira guztiak, batzuk ibilbide luzedunak eta besteak euskal musikearen etorkizun oparoaren erakusle. Fernando Velázquezek bersinoak egiteko aukeratu dituan kantuak ospe handikoak dira, 1970eko hamarkadakoak eta ondorengoak. Besteak beste, Pier Paul Berzaitz, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Imanol eta Erramun Martikorenarenak dira.

Ura bere bidean proiektuak, duda barik, dimensino barria emongo deutse horreei abesti klasikoei, gaur egungo musikarien, Koral Alkarteko ahotsen eta Orkestra Sinfonikoaren ikutuari esker. Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok azaldu dauenez, helburuak dira euskerazko musikan zuztartutako proiektu musikal hau lau haizetara zabaltzea, kantu eta melodia ezagunak beste modu baten aurkeztea, kantu nabarmenen bersino sinfoniko barriak sortzea, eta estilo eta belaunaldiak alkartzea. 

Emozinoak astintzen dituan proiektua da, talentuz jositakoa, musikeagaz lotua, adierazo dau Bilbaok. Publikoari eskaintza ezaguna modu ezezagunean aurkeztea, ilusinoa berbiztutea dira asmoak. 

Fair Saturdayko ordezkari Jordi Albaredak gogoan hartu ditu Ura bere bidean proiektuan parte hartzen dabizan artista guztiak. Eskerrak emon behar deutseguz arrazoi askogaitik, zoritxarreko pandemia honetan itxaropena eta ilusinoa sortzeagaitik.

Ondo bidean, bagilean aurkeztuko dabe Ura bere bidean proiektuaren emoitzea. Horrezaz gan, urte amaieran Gora Bihotzak kontzertuaren bigarren edizinoa antolatzeko lanean hasi dira. 2020ko abenduan egin zan lehenengoa, Euskalduna Jauregian. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu