20 bideo-mikrokontakizun produzidu ditue Antonio de Truebaren figuran sakontzeko
2021-04-08 08:22 KultureaBizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen kultur zentroan egongo dira ikusgai, maiatzaren 2ra arte.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Abellanedako Enkarterriko Museoak, Antonio de Truebaren bizitzearen eta lanaren ganeko 20 bideo txiki argitaratu ditu. Aste Santura bitartean, Abellanedako kultur etxeak, Antonio Trueba (1819-1889). Bizkaiko kronista erakusketan altxor interesgarrienak erakutsiko ditu bere sare sozialen bitartez. Erakusketea, maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik, Truebaren jaiotzearen 200. urteurrenera arte eta Bizkaiko Batzarrak, Foru Artxiboa, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Museoa eta bildumagile pribaduak jaube diran artikuluak ditu.
Covid-19ak herritarren mobikortasunari ezarritako mugei aurre egiteko Enkarterriko museoak 20 Egun Truebagaz proiektua aurkeztu dau, erakusketea teknologia barrien bidez hurreratzeko asmoz. Bertan, Javier Barrio museoko zuzendariak, minutu bi inguruko ikus-entzunezko pieza txikietan, XIX. mendeko Bizkaiko personaia garrantzitsuenetako baten pentsamentua, ibilbidea edo lana kontetan ditu. Askoren ustez, euskal kulturaren defendatzaile handia izan zan. Mikrokontakizunek Truebaren bizitzaren eta obraren ikuspegi modernoa eta kritikoa islatzen dabe, bizitzan jaso ebazan etenbako gorespenetan jausi barik, ezta euskal sustraien larregizko idealizazinoarengaitik jaso ebazan kritika gogorretan be.
Bideoek Galdamesko bizilagunak itxitako ondare osoaren zati txiki bat baino ez dabe kontetan, izan be, ehun pieza baino gehiago dagoz erakusketan, horreen artean, liburuak, jatorrizko dokumentuak, artelanak, ilustrazinoak, Truebaren garaiko intelektualek idatzitako testuak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Enkarterriko Museoaren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen bidez hainbat urtez eskuratutako hainbat pieza interesgarri.
Mikrokontakizunetan aurkeztutako informazino guztia 2019an eta 2020an zehar egindako ikerketa-lanean oinarritzen da eta hor ibili ziran Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedraduna eta 2019ko Euskadi Ikerketa Saridunak, Montserrat Amores Bartzelonako Unibersidade Autonomoko literatura-irakaslea, Javier Barrio Marro Enkarterriko Museoko zuzendaria eta Goio Bañales eta Jesus Arrate ikerlariak. Goio Bañales Enkarterriko gaietan aditua da eta Jesus Arrate gerra karlisten munduan. Ez da ahaztu behar urte batzuk lehenago José Antonio Ereño Deustuko Unibersidadeko irakasle erretiratuak Antonio de Truebaren ganean argitaratu eban lana.
Bideoak modu librean ikusi ahal izango dira Enkarterriko Museoaren webgunean:
Hona hemen aurkeztuko diran kapituluak:
1. kapitulua: Trueba. Biografia labur bat.
2. kapitulua: Trueba. Bere pentsamentu erromantikoa.
3. kapitulua: Trueba. Unamuno eta Truebaren pentsamentua.
4. kapitulua: Trueba. Kronistearen lana.
5. kapitulua: Trueba. Poeta eta idazlea.
6. kapitulua: Trueba. Artxibozaina eta kronistea.
7. kapitulua: Trueba. Kazetaria.
8: kapitulua: Trueba. Enkarterri eta Bizkaia.
9. kapitulua: Trueba. Bere umezaroko harana.
10. kapitulua: Trueba. Montellano eta Santa Gadea.
11. kapitulua: Trueba. Somorrostro harana.
12. kapitulua: Trueba. Industria.
13. kapitulua: Trueba. Herrixkea eta euskal munduaren idealizazinoa.
14. kapitulua: Trueba. Bere kritika sozial eza.
15. kapitulua: Trueba. Bere gizarte arloko bilakaerea.
16. kapitulua: Trueba. Bere personaiak.
17. kapitulua: Trueba. Emakumeak bere obran.
18. kapitulua: Trueba. Gerraz betetako mende bat.
19. kapitulua: Trueba. Foruen defentsa.
20. kapitulua: Trueba. Legatua, ospea eta omenaldiak.
Dobako bisita gidatuak
Euskadiko mobikortasunaren edegierea aprobetxauta erakusketea bisitau gura dauenarentzat, Enkarterriko Museoak martian eta apirilean bisita gidatuen programea zabaltzea erabagi dau, Abellanedako erakusketea eta monumentu moltsoa ezagutzeko aukera parebakoa eskainiz.
Erakusketea dobako gideagaz eta bost laguneko taldetan ikusi daiteke, martiaren 19an, 25ean eta 28an, eta apirilaren 2an, 18an eta 24an. Egun horreetan bertan, baina beste ordutegi bategaz, Abellanedako monumentu moltsora ibilbide gidatua be egin daiteke (Batzar-Etxea, Korrejidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baseleizea, goi-ordokia kostaldeagaz lotzen eban errege-galtzadaz gan). Informazino gehiago hemen.
Truebaren ganeko bideoetarako loturea
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak aitatu pieza horreek emitiduteko baimena emon dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!