Errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea martxan

Bizkaie! 2021-04-07 13:49   Euskerea berbagai

Erakunde publiko ugarik eta UEMAk egin dabe deialdia.

Udabarriagaz batera, errenta autorpena dator Hego Euskal Herrira. Administrazinoagaz egin beharreko tramiteak euskeraz izateko bidean, urtero egiten da errenta autorpenaren inguruko kanpainea, euskaldunek prozesu hori euren hizkuntzan egin deien bultzatzeko. Aurten, udalek, beste erakunde publiko batzuek eta UEMAk jarri dabe martxan ekimena, alkarlanean.

Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, bakotxak bere moduak ditu errenta autorpena egiteko, baina tramiteak antzekoak dira kasu guztietan. Lau herrialdeotan errentea euskeraz egiteko modua dabe herritarrek, eta gero eta jente gehiagok erabilten dabe aukera hori. Dana dala, euskaldunen kopuruagaz alderatuta, oraindino lan handia dago egiteko, UEMAren arabera.

Administrazinoa euskalduntzeko dauen eraginagaitik, errenta autorpena ahalik eta herritar gehienek euskeraz egitea garrantzitsua da, euskerearen normalizazinorako bidean udalerri euskaldunak egiten dabizan beste pausu bat dalako, adierazo dau UEMAk. Pausu sendoa izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea be beharrezkoa da.

Kanpainea erakunde ugariren alkarlanaren ondorio dan arren, lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal bakotxak bere errealidade soziolinguistikora egokitu dau. Era horretara, herritar guztiek izango ditue errenta autorpena euskeraz egiteko erraztasunak, edozein dala be euren herria. 

Herrialde batetik bestera dagozan berezitasunak be kontuan hartu dira informazinoa lantzeko orduan. Esate baterako, Nafarroan, ondasunen aldaketa batzuk bulegoetan egin behar dira derrigorrez, eta Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu dinoen txartelak zabaldu ditue, arretea euskeraz emoten daben beharginak identifiketako. 

Bizkaian, errenta autorpena egiteko bide ohikoa izaten dira finantza erakundeak. UEMAk eta banketxe batzuek egindako akordioari esker, herritarrei tramiteak euskeraz egin leikiezala gomutau eragiteko neurriak landu ditue. Udal eta mankomunidade askok hartzen dabe parte, ganera, kanpainan.

Barritasun handi bat dakar aurtengo kanpaineak Bizkaian: zergadun guztiei eginda bialduko deutse Foru Ogasunak autorpena, 900.000 proposamen inguru. Tramiteak erraztuko ditu horrek, baina, edozelan be, euskerearen alde egitearen beharra azpimarratu dabe kanpainearen bultzatzaileek. Asteon bertan hasi da, modu ofizialean, Bizkaiko errenta autorpena. 

Gipuzkoan, tramiteak euskeraz egiten dituen 100.000 zergadun izatera heldu nahi dabe, igaz hasi eta lau urte iraungo dauen ekimen bati esker. Ganera, errenteari lotutako euskarri guztietan, berau euskeraz egitera animetako oharra ipini dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu