Gorka Pagonabarraga durangarrak irabazi dau Osinalde Saria

Bizkaie! 2021-04-06 12:46   Bertsolaritzea

Sei bertsolarik kantau dabe Gabiriako finalean.

Gorka Pagonabarraga, Osinalde Sariko finalean (argazkia: Goierriko Hitza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezohiko lekuan jokatu da bertsolari gazteen lehiaketa ospetsuenetako bat dan Osinalde Sariko finala, Gabiriako Andra Mari eleizan hain zuzen. Pandemiak behartu ditu antolatzaileak ohiko soziedadearen epeltasuna itxi eta agertoki barrira joatera. Gorka Pagonabarraga durangarra izan da sari nagusiaren irabazlea; publikoaren saria Ane Zuazubiskar arrasatearrak eskuratu dau; eta bertsorik onena Urko Arregi oñatiarrak botatako bat izan da.

Sei finalistak jokatu dabe Osinalde Sariko finala. Goierri aldean aurreko asteetan jokatutako beste hiru sariketatako onenak sailkatu dira azken saiora, Aztiri, Osinberde eta Argi-Berri sariketetakoak. Honeek izan dira: Aroa Arrizubieta, Urko Arregi, Ane Zuazubiskar, Ibai Amillategi, Unai Izagirre eta Gorka Pagonabarraga. 

Berez, Xabat Illarregi zan Osinalderako sailkatuetako bat, baina ezin izan eban Gabiriako saiora joan, eta haren ordez sartu zan Pagonabarraga. Bitxia bada be, azken orduan egin eutsen lekua durangarrari, eta sari nagusia berak irabazi dau. 

Bertso saioetan beti egiten dan legez, agurrak kantau ditue lehenengo, eta, ondoren, ariketa puntuagarriei ekin deutse finaleko seikoteak. Binaka eta puntutan ibili dira lehenengo, bakarka ostean. Amaitu baino lehen, barriro ipini ditue binaka, hamarreko txikian ofizioka kantetako. Ariketa puntuagarriak amaituta, epaimahaiak Gorka Pagonabarragaren aldeko ebatzia emon dau. Publikoak, ostera, aulkirik aulki pasautako otzaran sartu dau bere botoa, eta Ane Zuazubiskar izan da hor irabazle. 

Giro polita egon da Gabiriako Andra Mari eleizan, baina Osinalde Saria ezagun egin dauen soziedadeko epeltasuna ezin izan dabe bardindu. Ganera, edukiera kontuak dirala eta, ezin izan da nahi beste jente sartu, eta jesarlekuak alkarregandik banatuta egon dira.

Osinalde Sariaren 49. edizinoa izan da aurtengoa. Ganera, aurten bertan bete dira 50 urte lehenengo edizinoa antolatu ebela. Mende erdian, etorkizun oparoko dozenaka bertsolari pasau dira Osinalde alkartetik, plazan indartsu sartu diran bertsolariak ezagutzeko erreferente bihurtu da Gabiriako soziedadea. Aurten egon diran oztopoak gaindituta, garbi dago Osinalderen eta bertsolari gazteen haria ez dala eten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu