Igone Etxebarria: 'Talde lana da gurea'

Koldo Isusi Zuazo 2021-04-05 07:55   Barriketan

Labayruko zuzendaria.

Oraintsu izentau dabe Igone Etxebarria Zamalloa (1962) Labayru Fundazinoko zuzendari; orain arte ardura horretan egon dan Adolfo Arejita, Artezkaritzako presidente izango da aurrerantzean, Jokin Gorozikaren ordez. Igone Etxebarria Fundazinoaren zuzendariordea izan da azkeneko hamabi urteetan. Euskal Filologia ikasketak amaitu eta Labayrun hasi zan beharrean (1985). Gero 14 urte egin zituan ETBn zuzentzaile eta euskera arduradun (1988-2002). Horren ostean, barriro Labayrura etorri eta, Eusko Jaurlaritzan Euskerea Sustatzeko zuzendari egindako urte eta erdiko tartea kenduta (2005-2007), bertan jarraitu dau, 2008tik hona zuzendariorde dala.

Euskal filologoa, euskaltzain urgazlea 1996tik, Euskerearen Aholku Batzordeko kide (2001-2005), baita Euskera bizia batzordeko kide be (2011-).

1.- Zorionak Igone izentapenagaitik. Zuzendariorde be badaroazuz urte batzuk baina orain zer egokituko jatzu lan gitxiago ala gehiago egitea?

Ez dakit gitxiago edo gehiago izango bada, gitxiago ez dot pentsetan eta badakit ardura eta erantzunkizun gehiago izango dodala. Orain arte Adolfo Arejita izan da zuzendaria eta norbera zuzendaritza taldean egon arren, beti daukazu bateren bat ardura handiagoari eusten eta horrek lasaitu egiten zaitu baina badakit agiriago egongo nazela eta erantzunkizun handia da hori.

Gogotsu nago baina badakit ez dala lan erraza izango, krisiak be bizi izan doguz, pandemiak be ez deusku mesederik egin eta etorriko diran erronka eta zereginei aurre egin beharko jake.

2.- Zeintzuk izango dira zure ardurak?

Betikoari eutsiko deutsagu eta, beraz, euskerearen eta euskal kulturearen zabalkundea egitea, kalidadea jagotea, digitalizazinoa zein gizarteagaz bat egitea izango dira nire ardura nagusienak. Kudeaketan ibili izan naz lehen be eta zeregin horreek ez dodaz baztertuko orain eta agiriak sinatzeko be hartu beharko dot astia.

Ganerakoan, lehen be egin izan badodaz be, beharginakaz hartu-emonetan, argitalpenak zehaztu eta egiten be ibiliko naz.

3.- Artezkaritzako ardurea hartu dauen Adolfo Arejitak emon deutso gomendiorik?

[Barreka] Ez, ez deust aholkurik edo gomendiorik emon eta, akaso, neuk joan beharko dot laguntzea eskatzen.Kontuan hartu, Labayrun zuzendaritza taldea dogula, Adolfo izan da zuzendari orain arte eta ni zuzendariorde; taldean beste lau lagun dagoz eta, beraz, talde lana da gurea. Aurrerantzean be holan segidutea da asmoa. Babesleak be baditugu eta horreen batzar nagusietan aukeratzen dira artezkaritzako edo zuzendaritza batzordeko kideak, laguntzaileak zein Gotzaitegiak aukeratutakoak. Danen buru izango da Adolfo aurrerantzean. Jokin Gorozikak makinatxu bat urte daroaz, 2003tik dabil horretan eta orain presidenteorde moduan jarraituko dau Adolforen ondoan. Erabagiak, barriz, zuzendaritzeak hartzen ditu.

4.- Euskerea erakusteko ikastaroak, hiztegigintzea, itzulpen arloa, baita etnografia eta, ahozko ondarea jorratzen be makinatxu bat urte daroazuez. Labayru Hiztegia - Bizkaierea eta Batua buztarturik zein Bizkai euskerearen jarraibide liburua. Zelako erantzuna izan dabe liburuok?

Gure artean, Bizkaian erantzun ona eta gure mugetatik kanpo ez horrenbestekoa. Labayruren sorrerako helburuei lotuta egindako argitalpenak dira, euskaldunok, kasu honetan bizkaitarrok, egiten dogun berbakerea ardatz hartuta eta batasuna lortzeko asmoz, zubilana egiteko amesari eutsiz, Dakigunetik ez dakigunera.

Labayru Hiztegia sarean be badago eta sano erabilgarria da bestelako erregistro batzuen bila gabizenerako, urte luzeetako ibilbidea egin dauena; berbak eta berba-kateak zelan erabilten diran aztertzen da, esangura guztiak eta testuuinguru guztiak kontuan hartuta.

Hiztegi elebiduna da, euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera bideak jorratu ditualako eta arauemoilea be bai, mendebaldeko euskerea berorrek finkatu dauelako. Bizkai euskerearen lexikorik handiena zehaztu dau Labayru Hiztegiak. Horretarako, herri-euskerea ardura handiz batu eta aztertu dau, idatzizko iturririk esanguratsuenakaz batera; euskera zehatza, naturala eta ugaria behar dauenak, bizkaieraz nahi batuaz gura izan, Labayru Hiztegia dau hiztegirik erazkoena.

Bestetik, Labayru Fundazinoaren lexikografo-taldea beharrean dabil berbak eurak zein aldagaiak jorratzen eta arlo horretan be badago zeregina.

Bizkai euskerearen jarraibide liburua be badago eskuragarri, bizkaitarrontzat zein kanpokoentzat, mendebaldeko euskalkia erabili gura edo behar dabenentzako.

5.- Etnografiaren arloan, Barandiaranen harian eta lan handia egin dau Labayruk...

Bai. Labayru sortu zanean lan arloak zehaztu ziran: hizkuntzea-literaturea, herri kulturea edo etnografia eta bibliotekea; Labayruren aurretik ekin eutson Barandiaranek Atlas Etnografikoa jorratzeari eta Barandiaran buru zala, lurralde bakotxean hasi ziran taldeak sortzen eta upealako lana egin eben Etniker taldearen koordinazinopean. Etniker taldearen idazkaritzea eta administrazinoa Labayrun zentralizau zan eta horren guztiaren zuzendari izan da Ander Manterola. Nabarmendu gura neuke 2000. urtean hildako Gurutzi Arregi bizkaitarrak egindako lan aspergatxa Etniker eta Labayru erakundeetan, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa koordinau eban eta herrigintzan hainbat ekimenen bultzailea izan zan.

Kontuak kontu, urteetan beharrean ibili ondoren, zortzi liburuki eder argitaratuta dagoz. Horren harian, Labayruk herri kulturearen arloan lan handia egin dau herri mailan, udalakaz eta mankomunidadeakaz batera, ondarea, tradizinoa, joaneko gorabehera, ohitura, jarrera eta enparauak galdu ez daitezan. Badakizu gure gizartean aldaketa handiak bizi doguz egun batetik bestera eta transmisino lan horretan etenik egon ez daiten zuhur ibili behar da; esangura horretan, liburuak, grabazinoak, bideoak eta bestelako produktuak lantzen eta plazaratzen doguz eta gizartea eta herritarrak beti gogoan.

6.- Euskal Bibliotekea be sortu zenduen, 50.000 titulu inguru dituana. Horreen danen artean, harribitxiren bat azpimarratuko zeunke?

Ez da erraza. Euskal Bibliotekea sortu izen horregaz baina gaur egun dokumentazino zentroa da liburuak, aldizkariak, liburuxkak, erretratua, bideoak, kartelak, pegatinak eta bestelakoak dituana, dana da interesantea, altxor handia da eta ez naz ausartzen bat nabarmentzen.

7. Dakigunetik ez dakigunera goiburupean zabizie eta urteak joan dira martxan hasi zinienetik, 50 urte baino gehiago eta tarte horretan gizartean bizi izan doguzan aldaketok ze eragin izan dabe zuon lanotan?

Behar egiteko moduak eta beharrizanak asko aldatu dira eta dakizun lez, gaur egun dana da digitala eta beste erremediorik ez dago egokitutea baino, gizartearen martxan joatea oinarrizkoa da eta holan gabiz. Labayruren ardura nagusinetakoak izan dira ikerketa lana eta liburuak plazaratzea eta oraintsura arte papelean kaleratzen ziranak gaur egun webgunean erakutsi behar dozuz eta eskolatan erabilteko liburuxka bereziak be eskaini behar dozuz.

Ganerakoan, Derioko Euskal Ikastaroa sortu zan lehenengo eta gero ekin eutson beharrari Labayruk. 1970an atondu genduan lehenengo ikastaroa jente euskalduna alfabetetako asmoz, izan be, sasoi haretan dana egiten zan gaztelaniaz, diktadurea be indarrean egoan eta premina handia egoan. Ordutik gaur egunera goitik behera aldatu dira gauzak, politikan, gizartean zein ekonomian.

8.- Derioko Euskal Ikastaroaren 50. urteurrena be ospatu genduan, Euskerea jantzan, hik eta nik, guk. Liburutxua be plazaratu zenduen...

Jente asko batu zan gurera eta aitatu liburuxa horretan agertzen diranak, danak pasau dira Labayrutik, ikastaroetan eta zetan edo hatan ibilitakoak dira, besteak beste, eta neu be 18 urtegaz, Euskal Filologia ikasketak amaitu eta Deriora hurreratu nintzan. Ikastaro bat egin eta hara nora heldu garen. Bizi osoa daroat hemen. Atara kontuak, sasoirik onenetan 800 ikasle eta ibili dira gurean.

9.- Diktadurapean, Karmelo Etxenagusia, Mikel Zarate, Ander Manterola eta beste asko izan ziran eragile baina jente asko nahastau dira, besteak beste, Akaitze Kamiruaga, Josemi Vidales, Nerea Mujika Ulazia, Abeliñe Erauskin, Ana Oar Arteta, Bego Garaizar, Josu Arroyo, Joseba Santxo eta Bene Markaida. Besteren bat nabarmenduko zeunke?

Seminarioko ikasleentzat eta sortu ziran lehenengo ikastaroak eta hor bueltan aitatu dozuzan hiru handi horreek nabarmendu behar dira. Aurrerago asko aitatu geinkez, bizkaitarrak gehienak baina gipuzkoarrak, nafarrak, arabarrak eta Ipar Euskal Herrikoak be izan doguz hemen. Ekarpen handia egin daben sasoi ezbardinetako lagunak nabarmendu geinkez baina nire belaunaldikoak Eguzki, Josune Ariztondo, Angel Mari Unzueta, Nerea Mujika, Zupiria, Miren Agur Meabe, Manu Arrasate, Asier Astigarraga... Zeuk aitatu dozuzanak eta asko gehiago ez dodaz ahaztu gura. 

10.- Labayruren ibilbide emonkorrean, pilo bat babesle izan dozuez eta horreei danei eustea be ez da txarra izango...

Jakina. Lan komertzialak upealako garrantzia dauka gurea lako proiektuetan, urtean urteko aurrekontua batzea zeregin inportantea da, 40 bat behargin gagoz Labayrun, soldata piloa dira baina urteotan egindako beharrari esker autortuak sentiduten gara eta beti gagoz herritarrentzat interesgarriak izan daitekezan proiektu eta lan barriak, preminak zehazten. Orain arte lankidetzan ibili gara herri-aginteakaz, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilboko Udala, Bizkaiko hainbat udal handi eta txiki, baita era askotako enpresa eta erakundeakaz be; lankidetza horreek indartzea izango da beste erronketako bat Labayruren etorkizunerako.

11.- Txiri-txiri eta eten barik beharrean dabil Labayru azken urteotan baina bihar-etzirako zeintzuk dira asmoak?

Buruan makinatxu bat gauza dabiz bueltaka eta zeozertxu nabarmentzearren, idazkaritzako zereginak eta izen eta kargu aldaketek eragin deuskuezan burukominak nabarmenduko neukez, horri eusten gabiz.

Horrezaz gan, gazteen artean euskerearen erabilerea zabaltzeko zelan jokatu da gure ardura nagusienetakoa, ahozkoak bizitasuna eta indarra hartzea gura dogu.

Literatureari jagokonez, arloa zelan jorratu be aztertzen gabiz, zeozertan hobetu ahal bada hobetzeko eta gazteek gehiago irakurtea gura dogu, ez dira asmo txarrak.

Eta, ibili bagabizen arren, interneten indarra be aprobetxau gura dogu, gure lanak sareratuz, podcastak sortu eta zabalduz zein gazteen premina eta burukominak aztertu eta sustatuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu