Apirilaren 9an bueltauko da Darabilbo

Bizkaie! 2021-03-31 09:53   Euskerea berbagai

Dobako zortzi jarduera dakarz apirilaren 30era arte. 

Euskerazko aisialdia bultzatzeko Bilboko Udalak antolatzen dauen Darabilbo programeak egitarau zabala dakar apirilerako. Hori bai, Aste Santuko jaiegunak amaitu arte itxaron beharko dabe bilbotarrek jardueretan parte hartzeko, apirilaren 9ra arte ez dalako programazinoa martxan jarriko. Dobako zortzi proposamen egongo dira apirilean. 

Ohiko moduan, gastronomia eta artisautzea lantzeko tailerrak ez dira faltauko Darabilbon, ezta berbaldi telematikoak be. Parte hartzeko baldintza bakarra 16 urte edo gehiago izatea da (familientzako saioetan gazteagoak be onartuko ditue). Aurretik izena emon behar da, Darabilboren webgunean horretarako dagoan atalean

Apirilaren 9an bertan, saio bi egingo ditue, biak online: Arantza Aresek gidatutako trikot-tailerraren lehenengo saioa; eta garagardo dastaketa literarioa. Pare bat asteko etenaren ostean, Bira Kultur Gunera joko dau Darabilbok, han egingo dalako Hamburgo Platz topaketa literarioa, 21ean, Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan liburua berbagai dala. 

Hilaren 22an, argindarraren fakturea ulertzeko jarraibideak azalduko ditu Itziar Acevesek, online. 2an, afari osasungarriak atontzeko moduak azalduko ditue, hori be online. Indautxuko AEK-ren egoitzan izango da 28ko saioa, nutrizino-etiketak irakurten ikasteko tailerra, eta biharamunean barriro egingo dabe tailer hori, leku berean. Amaitzeko, trikot-tailerraren bigarren saioa egingo dabe apirilaren azken egunean. 

Bilboko Udalaren programea da Darabilbo, 2013tik uriko euskaltegiakaz alkarlanean antolatua, Bilbon euskerazko aisialdirako aukerak handitzea helburu. Jarduerak, euskeraz ikasten dabizanentzat zein ondo dakienentzat aproposak izaten dira. Egitaraua auzo guztietara heltzen da, baina azken hileotan, pandemia dala eta, jarduera asko online egiten dabiz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu