Defendatzaileen jazarpenaren kontrako 'Babesleak' ipuin ilustratua errealidade bihurtu da
2021-03-31 08:43 KultureaEkimenak finantzaketa kolektiboko plataforma batean ia 9.500 euro batu zituan.
Gaur egun, bederatzi emakume feministak bultzatutako proiektu kolektiboa martxan dago. Lagun arteko amesa zana, azkenean gauzatu egin da eta irudiak zein berbak argitalpen bihurtu dira: Babesleak ipuina hain zuzen be. Kolorez jantzitako 40 orrialde baino gehiagoko liburuxkea da eta orrialdeotan jatorrizko herriek eta lurraldearen emakume defendatzaileek aurre egiten deutsen jazarpenaren barri dakara. Argitalpen honi esker interes ekonomiko transnazionalen mehatxupean bizi diran emakumeak ikusarazo gura dira, euren lurrak espoliau eta iges egiten behartzen baititue. Babesten dituenak eta bizitza erdian jarten dabenak babesteko, nazinoarteko segurtasun eta kontzientzia kolektiborako sare bat ehuntzea da asmoa, bizirik, osasuntsu eta libre egoten lagunduko deutsena, bai eta euren lurraldeetan harmonian biziten eta nahi izan ezkero bakarrik mobiduten be. Halan da be, proiektuaren asmoa anbizino handiagokoa zan, behartutako erbestealdi horretan emakume horreei babesa eta laguntza ekonomikoa emon gura eutsen.
Beharrezko fondoak lortzeko finantzaketa kolektiboa erabili eben, crowdfunding-a erantzun handikoa izan zan, gitxieneko kopurua lehenengo bost egunetan lortu zan. Berrogei egunetan ia 9.400 euro lortu ziran 34 ekarpen baino gehiagogaz: Eskerrak emon gura deutsegu proiektu hau babestu dozuen danei. Azken batean, 350 liburu baino gehiago saldu dira, euskeraz zein gaztelaniaz; ganera, ekarpenei esker, 50 kopia inprimidu dira k'iche' hizkuntzan.
Orain, ipuinak esku artean ditugula, helburu bi dituan bireari ekingo deutse: batetik, giza eskubideen defendatzaile askok bizi daben egoerea ezagutarazotea eta sensibilizetea eta, bestetik, dirua batzen jarraitzea, funtsak emakume gehiagorengana luzaroago heldu daitezan.
Oraingoz, murrizketakaitik lehenengo aurkezpen bi egingo ditue Bilbon: gaur, eguaztena, martiak 31, 19:00etan, Louise Michel Liburuak liburudendan (Elkano Kalea, 27). Eta etzi, apirilaren 1ean, eguenean, Harilka Alkartean (Kortes Kalea, 10), 18:30ean. Ekitaldi bietan Lolita Chavez, 'Babesle' taldeko ordezkari bat eta Andrea Conde ilustratzailea izango dira.
'Babesleak' ipuin bat baino askoz gehiago da, adimenak eraldatzeko eta bihotzak sensibilizetako tresna bat da eta horren bidez jente gehiago inpliketea da helburua amestutako beste mundu posible hori eregiteko, emakumeak eta herriak libre biziko diran mundua.
Iniciativa Mesoamericana de Defensoras
Erakundearen txostenaren arabera, 2017 eta 2018 urteetan zehar, Erdialdeko Amerikan euren lurra babesten daben 65 emakume defendatzaile hil zituen. 2010tik aurrera, 156 hildako izan dira; beraz, indarkeriaren hazkundea sekulakoa da. Urte bi horreetan, 27k hilketa saiakera jaso zituen eta beste 3.305ek erasoak; horreetako bat Lolita Chavez Guatemalako defendatzailea izan zan. Zur-industriaren kontrako burrukan ebilela, iges egin behar izan eban. Giza Eskubideen Ellacuria Saria irabazi eban eta Europako Parlamentuak emoten dauen Sajarov sariaren finalistea be izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!