Euskaltzaindiak hondartzen euskerazko izenen zerrendea kaleratu dau

Bizkaie! 2021-03-30 13:37   Euskerea berbagai

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko ehun hondartza eta kala ingururen izenak finkatu ditu.

Euskal kostaldeko hondartzak euskera arautuan zelan idatzi, zalantzak sortzen jakez sarri hiztunei zein komunikabideei. Horregaitik, Euskaltzaindiak ehun hondartza eta kalaren euskerazko izen normalizaduak dakarzan zerrendea plazaratu dau, eta EODAra batu, hau da, Euskal Onomastikearen Datutegira. 

Hondartzen zerrendea hemen.

Kala, kostagune eta zokoen zerrendea, hemen.

Leku-izenon forma arautua finkatzeaz gan, eguneroko erabileran bidea egiten joan daitezala da Akademiaren asmoa. Izan be, sarritan, izen bat baino gehiago erabilten da hondartza bakotxerako, eta erabiltzaileek zalantzak izan leikiez. Hiru aldaera izan leikiez batzuek: agiri zaharretako izenak, herri-erabilerako ahoskerak eta erabilera turistikoari jagokona. 

Hiru erabilerok bat datozanean, ez dago arazorik, baina aldaera batek baino gehiagok talka egiten dabenean dator zalantzea. Esate baterako, Areatzatxu/Aritzatxu, Orroaga/Orrua eta beste hainbatetan herri-erabilerako formea entzuten da gehien, jatorrizko formea zein dan agirikoa dan arren. Beste batzuetan, tradizinozko toponimoak baztertu dira, salgarriagoak diran beste batzuk ezarteko (Barinatxa/La Salvaje, Playa Gris/Aizpurupe...).

Ezagutzen diran datuetan oinarrituta, Euskaltzaindiak Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko itsasertzeko ehun bat hondartza eta kalaren izenen proposamena egin dau. Dagoeneko, EODAn konsultau leikiez interesa dabenek. Uda sasoian daben estimua kontuan hartuta, hondartzen euskerazko izenen zerrenda finkatuta egotea lagungarri izango da erabiltzaile zein profesionalentzat. Hain zuzen be, EITBren eskariz ekin eutsan Akademiak zerrendea egiteari.

Leku-izenak ez eze, personen izenak eta deiturak be jasoten ditu EODAk. Eten bako lanari esker, gero eta izen gehiago sartzen dira, helburu praktiko garbiagaz: lekuen edo personen izenak idazteko orduan sortu leitekezan zalantzak ahalik eta modurik zehatzenean argitzea. Euskerazko izenen normalizazinoan, erabiltzaileak dira eragile erabagigarriak Euskaltzaindiaren esanetan, eta horregaitik da garrantzitsua EODA ahalik eta osoena eta gaurkotuena izatea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu