XXXIII. Bilbainada Lehiaketearen deialdia zabalik

Bizkaie! 2021-03-30 13:22   Musikea

Gaur egungo gaiak jorratzen dituen kantu herrikoi barriak sortzea da helburua.

Bilboko Udalak aurten 33 urte beteko dituan bilbainada lehiaketearen deialdia jarri dau martxan. Egunerokotasuna ardatz daben abesti barrien sorkuntzea sustatzeko, Bilboko herri-kantuaren jai-espiritua eta tradizinoari eusteko, aurten be, Radio Nervión eta Telebilbaoren babesari esker, lehiaketa hau nahi beste egileri edegita dago, ezelako muga barik.

Proposamenak aurkezteko epea bagilaren 4an, barikuan, 14:00ak arte egongo da indarrean. 2021ean, ondoko sariak izango dira: gaztelaniazko zein euskerazko bilbainadarik onena 955 euro eta Don Diego bana eta, gainera, zortzi akzesit emongo dira, saritzat 420 euro eta plaka bat izango dabenak.

Bilbainaden lehiaketa honen historiak uriko gaurkotasunaren errepasoa egiten daben kantu bilduma zabala dakar. Parte hartzea erabagiten dauenak sarituak eta argitaratuak izan ez diran jatorrizko proposamenak bialdu beharko ditu; horreek grabazino batean interpretauta aurkeztuko dira eta beharrezkoa izango da berbak eranstea. Kantuen berbok itsasadarraren inguruko herriei, bertako persona ospetsuei eta eguneroko gorabeherei buruzkoak izan behar dira. Gainera, kantuaren musikearen partitura aurkeztea be gomendatzen da.

Grabazinoak aurrez aurre entregauko dira Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaritzan (Aznar Eraikina, Venezuela plaza 2, 6. pisua) edo Radio Nervión-en (Hurtado de Amezaga 27, 17. pisuan).

Lehiaketa honetarako deialdia bagilaren 4ra arte egongo da zabalik.

Lehiaketearen oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu