Hizkuntza-eskubideei bigarren mailako balioa emoten jakela salatu dau Behatokiak
2021-03-30 12:47 Euskerea berbagaiUrraketek gora egin dabe pandemian, 2020ko txostenaren arabera.
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostena aurkeztu dau Behatokiak, igaz hizkuntza-eskubideen arloan jaso zituen keja eta iradokizunen bildumea eta azterlana. Bilbon egindako agerraldian, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta erakunde horretako teknikari Garbiñe Petriatik ohartarazo dabe 2020an txarrera egin dabela datuek, eta pandemia hizkuntza-eskubideak urratzeko atxakia bihurtu dala.
Txostenak 1.229 intzidentzia jaso ditu, aurreko urtean baino % 66 gehiago. Gehien-gehienak kejak izan dira, eta 36 zoriontze baino ez dira egon, baita 43 konsulta edo iradokizun be. Ganera, pandemia hasi zanetik (2020ko zezeil-marti bueltan), kejak ugaritu egin dirala ikusi dau Behatokiak, baina ez bakarrik kopuruan, salatzen danaren larritasuna be handitu da. 2020a urte gogorra izan da, eta euskaldunen bizipenak ezintasun horren erakusle dirala dino Gaubekak.
Garbiñe Petriatik hizkuntza-eskubideen egoerearen larritasunaz egin dau berba: Kontuan izan behar da kopuru hori errealidadearen lagin bat baino ez dala. Jakin badakigu, herritar askok, egoerea berezia zalako edo atzerapen zein albo-ondorioen bildur, zerbitzuak euskeraz eskatzeko erreparoa izan dabela. Zerbitzu bat jasoteko herritarrek euskereari uko egin behar izatea sistema osoaren hutsa dala gogoratu dau Petriatik.
Pandemia sasoian hizkuntza-eskubideen urraketak areagotzea ez da kasualidadea, pandemiaren beraren ondorioa baino, Agurne Gaubekaren esanetan. Urgentzia eta azkartasuna atxakia ezin hobeak bihurtu dira hizkuntza-eskubideei emoten jaken balioa agirian ixteko. Hain zuzen be, bigarren mailako balioa emoten jakela salatu dau Behatokiak.
2020ko txostena atalka banatuta dator, eta, aurreko urteetan pasau zan legez, erakunde publikoakaz eta lehen mailako zerbitzuakaz lotutako urraketa ugari dagoz. Osasunaren inguruko ardurea nabarmena da herritarren artean, eta gai horri buruzko jakinarazpenak eta informazinoa erdera hutsean emon dira sarri, Behatokiaren arabera. Hizkuntza-eskubideak kontuan hartzea, herritarren segurtasuna, osasuna eta mezuak hobeto ulertzeko ariketea be bada.
Osasungintzeagaz zuzenean lotuta dagoz jasotako kejen arteko 137. Osakidetzan zein Osasunbidean euskerea lehentasunezko hizkuntzatzat daben herritar askok salatu dabe ezin izan dabela euskerazko arretarik jaso, eta batzuei mediku erdaldunak egokitu jakez.
Ardurea eragin dauen beste alor bat segurtasun-indarrena da, zailtasun gehigarri bategaz: pandemiaren ondorioz ezarritako arau eta debeku batzuk tarteko, herritarrek ikaraz salatu ditue urraketak, albo-kalteak jasango dituelakoan. Herritarrei euskerazko arretea emon ezin deutsen profesionalak kontratetan dirala salatu dau Behatokiak.
Hezkuntzearen arloan, etena nabarmendu dau 2020ko txostenak, hori be pandemiak eragindakoa. Irakaskuntza presentziala luzaroan etenda egoteagaitik, ikasle asko euskeratik urrundu dira. Ganera, ikastetxeetan aplikau beharreko arauen oharrak, sarri, erdera hutsean heltzen izan dira, eta, euskerazko bersinoa heltzerako, arau barriak indarrean egotea be pasau da.
Azkenik, alor sozioekonomikoan, oinarrizko zerbitzu batzuetan euskerea baztertu egin dala dino txostenak. Horrek, hizkuntza-eskubideen kontrako jarrerea izateaz gan, zerbitzuen kalidadean eragiten dauela azaldu dau Behatokiak. Supermerkaduetan, aisialdian eta beste hainbat alorretan egon dira kejak, baita euskerazko telebista publikoaren eskaintzearen ingurukoak be.
Agurne Gaubekak aurrera begirako mezu bategaz amaitu dau agerraldia. Pandemiak egunerokotasuna eta lan egiteko moduak aldatu dituan honetan, euskerea ezin dala bigarren mailan itxi ohartarazo dau. Herritarrek osasun egoera larriak zein arazo sozioekonomikoak dituenean, baliabideak edo informazinoa euskeraz jaso ahal izateak enpatia erakusten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!