Isabel Herguerak egin dau 56. Jazzaldiko kartela
2021-03-30 09:42 MusikeaGaragarrilaren 21etik 25era izango da jaialdia.
Bye Bye Blues izeneko kartelak iragarriko dau Donostiako 56. Jazzaldia, antolatzaileek jakitera emon dabenez, Isabel Herguera zinemagile donostiarrak egina. Animazinoan ibilbide luzea dau Herguerak, zuzendari zein produktore lanean, baina, oraingoan, irudi geldiaren alde egin dau.
Batetik, pasau dogun urte arraro eta mingarriari agur esaten deutso Herguerak kartelaren bidez, eta, bestetik, jazzaren historiaren parte diran emakumeei omenaldia egiteko bitartekoa be bada. Izan be, kartelean emakume-figura bi nabarmentzen dira gehien.
Herri-musikearen eta jazzaren estandar bihurtu dan Bye Bye Blues abestiari egindako erreferentzia be agirikoa da. 1925ean sortu eben Fred Hamm, Dave Bennett, Bert Lown eta Chauncey Gray konpositoreek, eta Les Paul eta Mary Ford-ek egin eben ezagun 1952an. Hainbat bersino ditu, baina Isabel Herguera horreetako bitan oinarritu da kartela egiteko: Julie London-ena (1957) eta Cab Calloway-ren instrumentala (1940).
Donostian jaio zan Isabel Herguera, 1961ean. Ikasketak Bilboko Arte Eder Fakultadean eta Dusseldorfeko Kunstakademien egin zituan, Kaliforniako Institute of the Arts-era jo aurretik. Hamarkada batez Los Angeleseko animazino-estudioetan lan egin eta gero, 2003tik Europan ibili da, film laburrak egiten gehienbat. Unicef saria (Zinebi 2012) eta Euskal Zinemearen Sari Nagusia (2015) ditu irabaziak, eta film laburrik onenaren Goya Sarirako hautagai izan zan La gallina ciega lanagaz.
Horrezaz gan, ikastaroak eta tailerrak emoten ditu. Artelekuko Mobimenduzko Irudien Laborategia diseinau eta koordinau eban. Gaur egun, Koloniako Kunsthochschule fur Medien-en eskolak emoten ditu, eta bere lehenengo film luzea, El sueño de la sultana, produziduten dabil.
Donostiako Jazzaldia garagarrilaren 21etik 25era egingo dabe. Igaz, pandemiaren eraginez, egitaraua egokitu behar izan eben, bertoko artisten alde eginda, ohiko nazinoarteko izarrak albo batera itxita. 2021eko edizinoan ikusteko dago ze osasun baldintza dagozan eta ze artista dakarzan Jazzaldiak. Antolatzaileek azaldu dabenez, nazinoarteko musikarien egitaraua airean dago, ez dagoalako bape ziurtasunik atzerriko zirkuituaren inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!