Zamudion gordeko ditue Bilboko Euskal Museoko 50.000 pieza

Bizkaie! 2021-03-29 13:22   Kulturea

Biltegi barriak teknologiarik aurreratuena dauka. 

Erakundeetako ordezkariak, Zamudioko biltegira egindako bisitan (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Museoak Bilboko Unamuno plazan daukan eraikin nagusitik biltegi barri batera eroaten hasi dira museoaren jaubetzako pieza gehienak, puntako teknologiaz lagundutako prozesu bati esker. Zamudion zabaldu daben biltegi barriaren aurkezpenean egon dira Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Sorkunde Aiarza museoko zuzendaria. 

Urte amaierara bitartean, museoaren biltegietako 50.000 pieza inguru eroango ditue Bilbotik Zamudiora, tartean erakusketa iraunkorreko batzuk. Gaur egun, dagoeneko lanaren erdia eginda daukie, 25.000 objektu inguru Zamudioko instalazinoetara lekualdatu ditue eta. Solairu bitan banatuta, 1.150 metro koadroko eremua da Zamudiokoa, eta, horri esker, Unamuno plazan orain arte erabili diran biltegiak beste erabilera batzuetarako libre geratuko dira, esate baterako, erakusketa gehiago jarteko.

Ganera, piezak leku batetik bestera eroateko prozesuan aitzindaria da Euskal Museoa, teknologia barriak erabilten dabilelako. QR kodeek emoten daben trazabilidadeari esker, jatorrizko biltegitik helmugarainoko prozesu guztia kontrolauta eta erregistrauta dago. Museoko teknikariak, laguntzaileak eta zaharbarritzeetako teknikariak dabiz lekualdatzea jagoten, konserbazinoari jagokozen arau guztiak zorrotz bete daitezan.

Ganera, Zamudioko biltegi barriak be punta-puntako teknologia dauka, piezak ingurunerik onenean gordeta egon daitezan. Eraikinaren eremu bakotxa ondare-klase batentzat beren-beregi atonduta dago. Adibidez, obra grafikoek eta oihalek areto independente bana izango dabe, hareen fintasunagaitik baldintza jakin batzuk behar dituelako: hezetasunetik, suteetatik eta tenperatura aldaketakandik babestuta dagoz. 

Lekualdatzea 2021aren azken hileetan amaituko dan arren, hiru urteko lana egin dabe Euskal Museoko adituek dagoeneko, 1,7 miloe euroko inbersinoa eginda. Besteak beste, honakoak egin ditue: aurretiazko azterketa teknikoa, lekualdaketa-prozesua, klimatizazinoa, altzariak eta piezak garbitu eta desinfektetea. Eraikinaren bolumena ahalik eta ondoen aprobetxetako moduan kokatuko ditue piezak.

Euskal Museoa goitik behera barritzeko beste pausu bat da biltegi barria. Juan Mari Aburto alkatearen arabera, Bilboko Euskal Museoa museo modernoa izango da, museo sendoa, Euskadik merezi dauen nazinoarte mailako museo nazionala. Beti kanpora begira, baina etxekoa jagoteari itxi barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu