Katinka Bock-en bitakora-koadernoko obrak, Artiumen

Bizkaie! 2021-03-29 12:37   Kulturea

Logbook erakusketea irailaren 12ra arte egongo da Gasteizen.

Katinka Bock artista alemaniarrak Euskal Herrira egindako bisitaldi eta egonaldietan gorpuztu da Logbook, Gasteizko Artium Museoak aurkeztu dauen erakusketa barria. 2020ko zezeilean egon zan lehenengoz geurean, baina konfinamendua etorri zan berehala, eta horrek plan guztia aldatu eban. Gasteizen ikusi eta ikasitakotik abiatuta, sormenari ekin eutsan Bockek, eta euskal eskulaginleei emon eutsen hareen barri, erakusketako piezak sortzen hasteko.

Artisauakaz izandako trukearen ondoriozko piezak, museoaren espazioakaz eta arkitektureagaz izandako alkarreragina... dira Logbook erakusketearen oinarriak. Piezen erdiak Euskal Herrian sortuak dira, eskulangileek Bocken argibideei kasu eginda sortuak. Beste erdiak Bockek berak egin ditu, Parisen daukan estudioan. Artiumeko erakusketarako batasuna emon deutse jatorri bietako piezei, Beatriz Herráez komisarioaren laguntzinoagaz.

Nortasun handiko piezetako bat orkidea bati egindako argazkia da. Igazko zezeilean Artiumen egon zanean, museoko bulego baten egoan orkidea dotoreari erreparau eutsan Bockek, eta argazkia egin. Konfinamenduan lorak galdu zituan, baina orain barriro urten jakoz. 

Garagarrilean mugak barriro zabaldu ziranetik, Bock Euskal Herrira bueltan izan da hainbat aldiz, esate baterako, JAI programako egonaldian, eta horri esker ezagutu zituan inspirazinorako beste gune batzuk, tartean Albaola. Itsasoagaz lotutako hainbat erreferente ezagutu zituan bisitaldi haretan, eta erakusketan be pertsonaia horreen aztarnea topauko dogu. Herman Melville idazlearen Moby Dick balea eta Shelma Huxley historialaria dira horreetako bi. 

Logbook, azken baten, bitakora-koadernoari ingelesez emoten jakon izena da. Bidaia baten batutako objektuak izango balira lez batu ditu Bockek erakusketan Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hazur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak, erakusketearen ondoko espazioan gordetako 2.500 artelanak lagun. 

Artium Museoko A2 aretoan egongo da Logbook, irailaren 12ra arte. 

Gerardo Armesto. Ikuspuntu geldiezina

Gerardo Armestoren (Vitoria-Gasteiz, 1949) erakusketa hau Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian, 1977-2002 aldian Bildumaren proiektuko azterketa-kasu barri bat da. Erakusketeak 1980ko hamarkadan bideoan egindako lanen bildumea dakar, zirriborro eta marrazkien koaderno, maketa eta eskultura-objektuakaz batera.

Pinturan egindako lehen lanen ondoren, irakaskuntzan erabilitako formearen, kolorearen eta argiaren pertzepzinoa aztertzea izan zan Madrilgo Bideo Jaialdi Nazionalean saritutako 1981eko euskarriaren hautaketea lako lanen eztanda-eragilea, baita ondoren esperimentazino digitalaren bidez landutako animazinoena be.

Martiaren 31tik bagilaren 20ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu