Antoni Tapiesen erakusketea aurkeztu dau Chillida Lekuk
2021-03-29 07:45 KultureaTapies Zabalagan izenburupean, informalismoaren maisuaren hizkuntza propioa dakar.
Bagilaren 10ean, Chillida Lekuk erakusketalerro barri bati ekingo deutso, artista gonbidatuen programeari, izan be, Chillidaren artista garaikide esanguratsuen obrak hartuko ditu ardatz. Proiektu barri hau Tapies Zabalagan erakusketeagaz hasiko da, Antoni Tapies (1923 – 2012) sortzaile katalan bikainaren omenez; haren lanak, euskal eskultorearenak legez, arrasto sakona itxi eban arte moderno eta garaikidearen bilakaeran.
Erakusketea Zabalaga baserriaren goiko pisuan egongo da ikusgai eta 2022ko urtarrilaren 10era arte bisitau ahal izango da. Formatu txiki eta handiko obra ikusi ahal izango doguz, batez be 80ko eta 90eko hamarkadetako eskulturak. Holan, alkarrizketa zuzena izango dabe Eduardo Chillidaren piezakaz, beheko
pisuan jarriko baitira ikusgai, baita Zabalaga baserriagaz be, donostiar artisteak zaharbarritu eban eraikinagaz be. Antoni Tapies Fundazinoaren eta Tapies familiaren babesa izango dau erakusketeak.
Lan arlo barri hau erronka liluragarria da museoko taldearentzat: Guretzat erantzunkizun handia da museoa beste artista batzuei edegitea esan du Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak; duda barik, Antoni Tapiesen lana eta irudia ezin hobeak dira Eduardo Chillidaren ondare historikoagaz buztartzeko eta erakusketa honen sustraiak bien bizitza eta praktika artistikoa gidatu zituen printzipio komunak dira.
Artista katalana aukeratzeko arrazoia XX. mendeko arte-figura handi bi horreen bizi-ibilbideetan dagoan paralelismo handia da. Antoni Tapiesen eta Eduardo Chillidaren biografiek zenbait puntu alkarbanatu eta ibilbide paraleloak aurkezten ditue, hainbat momentu historikotan eta sormenezkotan bat egiten dabenak.
Erakusketea osotzen daben eskulturen zati handi bat egiteko erabilitako materiala lur xamotea da, artista bien arteko lotura lez jokatzen dauena. 1981ean hasi zan Tapies teknika horregaz esperimentetan Hans Spinner zeramikagilearen tailerrean. Sasoi haretan, artista katalanak hainbat gonbidapen jaso zituan zeramikea lantzeko Aimé Maeght galeristearen tailerrean, Saint-Paul-de-Vencen (Frantzia). Eduardo Chillida tailer honetako labeetan hasi zan material hori erabilten eta Tapies bultzatu eban gonbidapena onartu eta lur xamoteagaz lan egiteko. Orduan hasi zan haren buztin egosien produkzinoa.
Paralelismo horreei esker, Tapiesen eta Chillidaren arteko hartu-emonak be sendotu egin ziran maila teorikoan: materiagazko tratuan eta ha espiritualtasunerako bidetzat hartzeko jarreran, filosofia eta poesia lanetan agertzean edo ekialdeko espiritualismoaren aurreko interesean. Horrek guztiak arte-lanaren ikuspegi humanistea dakar, artista biek artearen gaitasun eraldatzailea azpimarratuz.
Lan hautaketeak, horreetako batzuk Antoni Tapies Fundazinotik kanpo ikusi ez diranak, bistan itxi dau artistearen hizkuntza propioa eta bereizgarria eta Zabalaga baserrira hurreratzen dan publikoak artista katalanaren ikonografia-errepertorioa be topau ahal izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!