Bizkaia Aretoak hamar urte bete ditu

Bizkaie! 2021-03-29 08:45   Kulturea

4.000 ekitaldi baino gehiago eta ia miloe erdi bisitari izan ditu. 

Bizkaia Aretoan. Argazkilaria: Pablo Viñas. | Ikusi handiago | Argazki originala

Horrexek dira Bizkaia Aretoaren, orain 10 urte inaugurau zan Euskal Herriko Unibersidadearen paraninfoaren arduradunek egunotan darabilezan zifra nagusiak. BBK Fundazinoak euskal unibersidadeari lagapena egin eutson eta Álvaro Siza portugaldar arkitektoak egin eban diseinua (arkitekturaren Nobel saritzat hartzen dan Pritzker sariaren 1992ko irabazlea).

Bilboko leku enblematikoenetako batean kokatua, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean eta Iberdrola torrearen ondoan, UPV/EHUren paraninfoak lau auditorio ditu (Mitxelena, 440 lagunentzat; Baroja, 160 lagunentzat; Oteiza, 90 lagunentzat; eta Arriaga, 65 lagunentzat); lau erakusketa gune (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, 500 metro koadrotik gora danetara); hainbat bilera gela; 400 metro koadroko hall-a; eta Mentxu Gal margolariari eskainitako 1.200 metro koadroko terrazea, lorategiaagaz, Abandoibarra etorbidera begira.

Bizkaia Aretoan era guztietako ekitaldiak egiten dira: kulturalak, akademikoak, sozialak, zientifikoak, unibersidade arlokoak eta beste hainbat alorretakoak. Kalidade handiko azpiegitura eta prestazino modernoak zein arreta eta zerbitzu bikainak eskaintzen ditu: ikusle-entzuleak guztiz gogobeteta urtetan dabe Bizkaia Aretoan atondutako ekitaldietatik, 4,5 puntutik gorakoa izanik beti balorazinoa 5 puntuko eskalan.

Hamar urteotan, 4.293 ekitaldi egin dira (kongresuak, mintegiak, bilera zientifikoak, ikuskizunak edo erakusketak) eta ia miloe erdi persona (481.059) bertaratu dira, aretoak hartu dauen garrantziaren erakusgarri. Nabarmentzekoa da ekitaldien bilakaerea eta asistentzia handituz joan dirala paraninfoa sortu zanetik: Azken urteetan, Bizkaian kongresu gehien egiten diran azpiegitura bihurtu da eta oro har ekitaldiak antolatzen dituan bigarrena.

Edozelan be, Bizkaia Aretoak pandemiaren eragina igarri dau eta 2020an eta 2021ean nabarmen egin dau behera ekitaldien eta bertaratutako personen kopuruak baina ez jako ekitaldiak antolatzeari itxi, personen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri danakaz. Alde horretatik, gogor egin da ekitaldien digitalizazinoaren eta eskaintza bimodalaren alde (presentziala eta birtuala).

Etorkizunari begira, Bizkaia Aretoak erreferente izaten jarraitu nahi dau ekitaldi akademiko eta sozialen antolakuntzan eta bere eskaintza eta zerbitzuak indartu nahi ditu UPV/EHUko komunidade akademikoari eta oro har gizarte osoari begira.

Hamar urteko ibilbidean, Euskal Herriko Unibersidadearen paraninfoa oinarrizko elementu bihurtu da; bistan jarri dau euskal unibersidade publikoa Bilbon eta UPV/EHUren helburu garrantzitsuenetako bat beteten lagundu dau, hau da, jakintzearen transferentzia eta zientziaren zabalkundea indartzea.

Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordearen eretxiz, Bizkaia Aretoa azpiegitura estrategikoa da UPV/EHUrentzat, erakundearen oinarrizko helburu bi beteten laguntzen dauelako: alde batetik, ezagutzearen transferentzia eta dibulgazino zientifikoa errazten dituan azpiegitura bat da; bestetik, UPV/EHUren marka irudia kanpora zabaltzen dau, bai euskal gizartera bai nazinoartera. Alde horretatik, uste dot gure paraninfoak modu nabarmenean lagundu dauela Bilbo kongresuen eta ekitaldien sektorearen munduko mapan kokatzen.

Bestetik, hamarkada honetan Bizkaia Aretoa zuzendu dauen Héctor Hernandok berbagai izan dau azpiegiturearen barrrurako eragina: Existidu ez balitz, unibersidadeen arteko kongresu eta ekitaldi handi asko ez ziran itxiko gure erakundearen sailen esku. Eraikina zabaldu zenetik, ia hirukoiztu egin dira Bizkaiko Campuseko fakultade eta eskolek antolatutako batzar eta kongresuak eta horreen %  75-80 gitxi gorabehera azpiegitura barri honetan egiten dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu