'Kaishop!, zer gura dozu? Erosi euskaraz Getxon'
2021-03-26 09:57 Euskerea berbagaiKaishop!-ek jarduera gehiago dakarz herriko merkataritzan euskerearen erabilerea sustatzeko.
Getxon euskeraz erostea eta Euskerearen Laguna Saltokien sareko saltokiei ikusgarritasuna emotea dira Getxoko Udalak Kaishop! kanpaineari jarraipena emoteko datozen asteotarako atondutako jardueren helburuak, Kaishop!, zer gura dozu? Erosi euskeraz Getxon, lelopean. Kanpainea aurreko urte biotan Alkarbide, Euskera Zerbitzuen bilgunearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker jarri eben martxan: Herriko establezimenduei bultzadea emoteaz gan, euskereak tokiko jardueran dauen garrantzia autortu gura da, euskerea kalidadeko gehigarri legez ulertuta, hurreko tratua, kalidadeko produktuak udalerrian erosi ahal izatea ekarteaz gan, izan be, Kaishop!, konsumitzaileen kontzientzian eragiteko jaio zan, multinazional askok burutzen duten konsumo masiboari eta online plataformek gure herriko dendetan daben inpaktuari buruzko hausnarketea be bideratu gura dauelako, inoiz baino gehiago behar dituelako dendek eta tabernek bezeroak. Horregaitik, dendak eta tabernak eta euskeraz artatuak izan nahi daben getxotarrak hartu-emonetan jarri nahi ditugu. Gainera, gazteakana joko dogu, etorkizunerako oso garrantzitsuak diralako, nabarmendu dau Irantzu Uriarte, Euskera zinegotziak.
Gaur egun 25.000 bat lagunek erabili leikie euskera Getxon eta 235 establezimendu baino gehiago dira ELS, Euskerearen Laguna Saltokien sareko kide, herritarrei egunerokotasunean euskerea erabili deien sustatuz; horreek udal webgunean dagoan mapan ikusi daitekez.
Jarduerak
Lehenengo jarduera, Kaishop Getxo Tik-Tok lehiaketea izango da, persona gazteentzat, online edo saltoki handietan erosten dabenak izanda, tokiko merkataritzea indartzeko. Horretarako, erronkea proponiduten jake gazteei, hain zuzen ere, Euskeraren Laguna Saltokien sareko hainbat kidek, letra eta koreografiagaz, atondutako eta sare sozialetan zabaldutako bideoa imitetea (Tik-Tok, Reels edo antzekoa aplikazinoa erabiliz) eta horixe sare sozialetan konpartidute @Kaishopeus etiketauta #ErosiEuskarazGetxon traolea erabiliz.
Gazteek bakarka edo taldeka hartu ahal izango dabe parte lehiaketan, datorren apirilaren 18ra arte. Lan onenentzat 100€ko 3 txartel banatuko dira, Euskerearen Laguna Saltokien sareko dendetan gastetako. Saltoki bakotxean gehienez 50€ gastau ahal izango dabe. Lehiaketearen oinarriak hemen.
Bestalde, apirilaren 19tik maiatzaren 2ra, Erosi euskeraz Getxon goiburupean, Euskerearen Laguna Saltokien sareko kideak animauko ditue Euskaraldiaren rolak barriro hartzeko. Horri esker, herritarrak euskeraz erosten animau gura ditu Udalak eta euskeraz erosten daben bezeroei telazko boltsa bat erregalauko deutse dendariek. Danetara, 2.000 bat boltsa banatuko dira.
Azkenik, maiatzaren 6tik 16ra, gimkana bat egingo da Euskerearen Lagun diran saltokiak ezagutzeko. Joko horretan parte-hartzaileak ELS sareko establezimenduetatik pasau eta ibilbide batzuk osotu beharko ditue, hainbat froga eginez. Parte-hartzaileen artean sariak zozketatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!