Albaola, Aste Santuan barriro zabalik
2021-03-26 08:35 KultureaBisitaldietan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da.
Urtarrilean Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriako arduradunek iragarri eben, instalazinoak publikoarentzat zarratuko zituela, hainbat arrazoigaitik. Batetik, bertara heltzeko oinezkoen bidea itxi eben, eta, bestetik, pandemiaren eraginak be izan eban zerikusia. Lau egunez bada be, Albaola barriro zabalduko dabela esan dabe orain, Aste Santuko jai egunakaz bat eginda.
Bisiten inguruan galdetzeko dei asko izan dituelako erabagi dabe, salbuespen moduan, Aste Santuan ateak zabaltzea. Apirilean eta maiatzean beste egun batzuetan Albaola edegiteko asmoa be aitatu dabe.
Eguen Santuan, apirilaren 1ean, hasita, domekara arteko lau egunetan bisitau ahal izango da Albaola, goizez. Horretarako, aurretik erreserbea egin behar da, bisitak@albaola.com helbide elektronikora idatzita edo 943 39 24 26 telefono zenbakira deituta. Ondoren, konfirmazino mezua bialduko dabe Albaolakoek, bisitarako argibide guztiak emonez.
Oinezkoen bidea oraindino zarratuta dagoanez, bisitariak itsasontziz eroango ditue Albaolara. Zerbitzu hori dobakoa izango da. Behin lantegira helduta, Albaolan egiten dan lan guztiaren inguruko argibideak emongo deutsez bisitariei, eta momentu honetan martxan dagozan proiektuak ikusiko ditue, esate baterako, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikea.
Ganera, proiektuetako bat ia prest dabe, Itsas Faktoriakoek egunotan jakitera emon dabenez. Atzo, martiak 25, Venezia uriak 1.600 urte bete zituanez, Albaolak omenaldia egin nahi izan deutso nabigazinoaren historian horrenbesteko ekarpena egin eban errepublikeari, hango estiloko ontzi baten erreplikea erakutsita.
Albaola eskolako Saul Hoffmannek eta Ioanna Moutosidik sandalo edo sando s'ciopon izeneko ontzi hori gidatzeko teknikea erakutsi dabe, gondolearenaren antzeko teknikea behar da. Sei metro inguruko ontziok ahateak atrapetako erabilten zituen veneziarrek, sakonera txikiko uretan baina kanal nagusietatik kanpo.
Laguna izena ipini deutse Albaolako sandaloari, euskeraz eta venezieraz esangurea dauelako. Euskeraz adiskidetasunari egiten deutso erreferentzia, eta italieraz zein venezieraz, uria inguratzen daben ur gazia da laguna, sakonera gitxikoa eta itsaso zabaletik bereizia. Hilebete inguruan, Laguna oso-osorik amaituta izatea da aurreikuspena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!