TikTok sarean oinarritutako Bziber lehiaketea martxan Euskal Herri osoan

Bizkaie! 2021-03-25 08:09   Euskerea berbagai

Lehiaketea euskerearen eremu guztira zabalduko da.

Bziber lehiaketea, TikTok sarean oinarritutako euskera hutseko lehen lehiaketea da. Gazteek erabilten dituen sareetan euskerazko edukiak sortzea dau helburu, baita erreferente euskaldunak indartzea be.

Azkue Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan atonduko lehenengo eta bigarren edizinoaren harrera ona ikusita, lehiaketea barriro be martxan jarriko da martiaren 26tik apirilaren 12ra, gazteen Aste Santuko oporraldiagaz bat eginda.

Aurten, euskerearen herrira zabalduko da lehiaketea: euskeraz dakien 11 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dabe, jatorria edozein dala be.

Parte hartzeko Bziber Lehiaketearen Instagram eta TikTok kontuak (@bziber_lehiaketa) jarraitu eta erronkak igoteagaz nahikoa da.

Edurne Azkarate aktore eta lehiaketearen gidariak TikTok sarean boladan dagozan 4 erronka botako deutsee gazteei, proba horreek gainditu deiezan, gura daben moduan. Edurnegaz batera, gazteentzako erreferente diran hainbat lagun eta tiktoker ibiliko dira probak zabaltzen sareetan, tartean, Euskadi Gazteako
kideak, Kai Nakai, Pello Reparaz, @elemelonsv eta @libebeitia tiktoker-ak be.

Gazteek teknologiagaz lotutako sarien zozketan parte hartzeko aukerea izango dabe. Proba edo erronka bakotxeko saritu bi izango dira, hau da, danetara 8 irabazle izango ditu lehiaketeak. Irabazle bakotxak 100 euroko balioa dauen saria jasoko dau: sareari eta teknologiari lotutako TikTok kutxea (argi erruberea eta kromea egiteko tresnak) eta Bziber markako erropea.

Lehiaketearen lehenengo edizinoa 2020ko garagarrilean izan zan, udako oporraldiagaz batera. Era berean, bigarren edizinoa 2021eko neguko oporraldian egin zan, Gabonetan. Edizino horreen ondorioz, ekimenaren inguruko komunidade handia sortu da sareetan.

Lehiaketeari buruzko informazino guztia: http://www.bziber.eus helbidean eta info@azkuefundazioa.org helbide elektronikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu