Bilborockera kontzertu ziklo barria dator domeka eguerdietan
2021-03-24 13:21 MusikeaLehenengo saioa martiaren 28an izango da, Kataluniako Tronco bikoteagaz.
Bilboko Udalak musika ziklo bat ipiniko dau martxan Bilborocken, ordutegi zein formatu aldetik barritzailea: domeketan 13:00etan izango dira kontzertuak, eta formatu txikikoak. Batez be, publiko gaztea erakarteko asmoa dabe antolatzaileek, parte-hartze prozesuetan gazteek eurek halako proposamen beharra adierazo dabelako.
Martiaren 28an lehenengo kontzertua egin, eta luzera begirako zikloa bihurtuko da honako hau, hilean behingo hitzorduen bidez. Momentuz, bagilera bitartean lau kontzertu daukiez programauta, baina Udalak ziurtatu dau irailean berrekingo deutsela, udako deskantsuaren ostean.
Lehenengo kontzertuan, hil honen 28an, Tronco bikote katalanak igongo dau Bilborockeko oholtzara. Conxita eta Fermí Herrero neba-arrebak dagoz proiektu musikal horren atzean. Irudimena, bat-batekotasuna eta zorokeria nahastauta, folk, pop, teknopop, psikodelia eta punk ikutudun doinuak eroango ditue Bilbora.
Troncoren kontzerturako sarrerak erosteko, hemen.
Hurrengo hitzordua, apirilaren 11n, Lucía y El Lerdo bikote akustikoak hartuko dau parte zikloan, jazzetik zein komediako musikatik datorren artista bikotea. Maiatzaren 9an, ostera, Debajo Del Paraguas, Bilboko pop-rock taldearen txandea izango da. Azkenik, bagilaren 20an, Airuk joko dau, Irune Vega konpositorearen proiektu personaletik sortutako taldeak.
Kontzertu bakotxean, gehienez be, 101 lagun sartu ahal izango dira Bilborocken. Osasun neurri zorrotzak bete beharko dira aretoan, esate baterako, maskarea beti jantzita izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!