Goierrin egingo dabe 2021eko Kilometroak, urriaren 3an

Bizkaie! 2021-03-24 08:15   Euskerea berbagai

Batera, bagara, bat gara izango da leloa.

Gipuzkoako ikastolen jaiaren 2021eko edizinoa aurkeztu dabe, egoera desbardin baten erdian, eta, beraz, formatua be egokituta. Ospakizun jentetsuak egitea ezinezkoa dan arren, euskereari eta euskal kultureari lekua egingo deutsela ziurtatu dabe antolatzaileek. Urriaren 3an egingo da Kilometroak, Goierriko hiru herritan, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon.

2021eko edizinoa aurkezteko ekitaldian, igazko jaiaren arduradun Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolak lekukoa pasau deutse aurtengo antolatzaile diran Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariei. Hezkuntza arloan sasoi gatxak diranez, Gipuzkoako ikastola guztien ekarpena, babesa eta parte-hartzea beharrezkoa izango dala azaldu dabe. Alkar jagoteko urtea da, alkarregaz egotekoa, danok batera norabide berean eustekoa.

Asmo horregaz lotuta dago aurtengo leloa be. Batera, bagara, bat gara aukeratu dabe, alkarlana ikastolen izatearen oinarrian dagoala azpimarratzeko. Gipuzkoako DBHko ikasleek 241 proposamen bialdu zituen aurtengo lemarako, eta antolatzaileek aitatutako hori aukeratu dabe. 

Betidanik, Kilometroak eta ikastolen aldeko jaiak plaza erraldoiak izan diran arren, aurten desbardina izango dala adierazo dabe aurkezpenean. Urriaren 3ra arte pandemiaren bilakaerea zelakoa izango dan ezin danez aurreikusi, jaiaren formatu zehatza be ezin izan dabe aurreratu, denporeak esango dau ze aukera dagozan. Ikastolen ezaugarriak plazaratzeko ekimenak antolatuko ditue.

Urriaren 3a baino lehen ekingo deutse jarduera batzuei. Martxan da ikastolarik ikastola dabilen dabilen Liburu Ibiltaria, baita 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzako Euskal Herriko Komiki Lehiaketea be. Lehenengo ekimenak dira, baina ez bakarrak: gerora etorriko dira beste batzuk, ziurtatu dabe Gipuzkoako ikastolek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu