Igone Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendari izentau dabe
2021-03-23 08:32 Euskerea berbagaiArdurak izango ditu euskerearen eta euskal kulturearen zabalkundea egitea, kalidadea jagotea, digitalizazinoa zein gizarteagaz bat egitea.
Labayru Fundazinoak Igone Etxebarria izentau dau zuzendari. Orain arte ardura horretan egon dan Adolfo Arejita, Artezkaritzako presidente izango da aurrerantzean, Jokin Gorozikaren ordez. Igone Etxebarria Fundazinoaren zuzendariordea izan da azkeneko hamabi urteetan. Erantzukizun barria jasoterakoan adierazo dau: Labayruk erronka asko ditu aurrera begira, eta horretara jarriko da.
Igone Etxebarria (Bedia, 1962), Euskal Filologian lizentziatua, ikasketak amaitu eta Labayrun hasi zan beharrean (1985). Gero 14 urte egin zituan ETBn zuzentzaile eta euskera arduradun (1988-2002). Horren ostean, barriro Labayrura etorri eta, Eusko Jaurlaritzan Euskerea Sustatzeko zuzendari egindako urte eta erdiko tartea kenduta (2005-2007), bertan jarraitu dau, 2008tik hona zuzendariorde dala.
Euskaltzain urgazlea da (1996-), Euskerearen Aholku Batzordeko kide EJ (2001-2005), Euskera bizia batzordeko kide BFA (2011-).
Adolfo Arejita, Artezkaritzako presidente
Adolfo Arejita Labayruren sorreratik egon da erakundeari lotuta; ibilbide profesionala Deustuko Unibersidadean egin dau, irakasle. Labayrun, lehenengo, zuzendari-laguntzailea izan zan, eta azkenengo hamabi urteetan zuzendari, Ander Manterolaren ondoren. Hemendik aurrera, Artezkaritzako buru edo presidente izango da, Jokin Gorozikak itxitako karguan. Jokin Gorozikak 2003tik bete dau kargu hori eta orain presidenteorde moduan jarraituko dau.
Labayru Fundazinoa
Igone Etxebarriaren ardurea izango da erakundearen helburu estrategikoak aurrera eroatea: euskerearen eta euskal kulturearen zabalkundea egitea transmisinoa bermatzeko, euskerearen kalidadea jagotea, digitalizazinoa, gizarteagaz bat egitea. Danetara, 40 behargin dabilz Labayrun gaur egun.
Orain arte lankidetza estua egin dau Labayru Fundazinoak gure herri-aginteakaz, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilboko Udala, Bizkaiko hainbat udal handi eta txiki, baita era askotako enpresa eta erakundeakaz be, kasurako, BBK, Bizkaia Irratia, Begoñazpi ikastolea, Mutualia, Eudel... Lankidetza horreek indartzea izango da beste erronketako bat Labayruren etorkizunerako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!