Martxan da Txikipediaren app-a

Bizkaie! 2021-03-22 13:10   Euskerea berbagai

Ume eta gazteentzat egokitutako 3.000 artikulu baino gehiago batzen ditu.

Euskerazko Wikipediatik abiatuta, orain dala urte bi sortu eben Txikipedia, ume eta gazteentzako euskerazko online entziklopedia. Harrezkero, jakintza arlo guztietako artikuluak gehitzen joan dira bertako arduradunak, eskoletarako tresna baliotsua bihurtzeraino. Orain, pausu bat gehiago egin, eta Txikipediaren app-a jarri dabe martxan, aplikazino erraz bati esker eduki guztiak kontsultau ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu dau app-a. Horregaitik, berau aurkezteko agerraldian Miren Dobaran sailburuordea egon da, baita Euskal Wikilarien Kultura Alkarteko Galder Gonzalez Larrañaga eta CodeSyntaxeko Luistxo Fernandez be, erakunde horreek biak Txikipediaren app-aren sortzaile dira eta. 

Hirurek azpimarratu dabenez, 8 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat tresna pedagogiko garrantzitsua da Txikipedia. Egunero, 1.500 ikustaldi ditu, azken urtean 553.000. Ganera, urtetik urtera gehiago hazten da, edukiz zein bisitari kopuruan. Aplikazinoak, beraz, Txikipediak gordeten dauen aberastasun guztia gehiago zabaltzeko aukerea emongo dau.

Martian aplikazinoa ezagutzera emoteko eta bultzatzeko kanpaina berezia jarri dabe martxan. Izan be, gero eta eskola gehiagotan dabiz Txikipediako artikuluak sortzen, klaseko ariketa lez. Dagoeneko 3.000 artikulu baino gehiago ditu, horreetako asko ikasleek eurek sortuak.

Bien bitartean, Txikipediaren sorrerearen atzean dagoan euskerazko Wikipedia be ez dago geldirik. Artikulu kopuruari jagokonez, munduko hizkuntzen artean 32. lekuan dago euskerazkoa, 320 hizkuntzako zerrendan. Europako hainbat hizkuntza ofizialen ganetik dago, tartean greziera, daniera edo estoniera. Pandemian argi ikusi da euskerazko edukiak bilatzeko on-line erreferentziak beharrezkoak dirala; igazko martitik aurtengo zezeilera, 129 miloe orrialde zerbitzatu ditu euskeraz.

Alkarlana eta parte-hartzea behar-beharrezkoak ditue Wikipediak eta Txikipediak, eta hezkuntzearen alorreko eragileek erantzun bikaina emon dabe. Ikasleek behar dituen 2.000 gai identifikau ziran eta horreen ganeko artikuluak lantzen ibili dira ikasle, irakasle eta wikilariak. Unibersidadeko ikasleek bost miloe berba gehitu deutsez euskerazko Wikipediari, eta Txikipediako ehundazak artikulu sortu ditue jada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu