Musikari eta kantariek ikastetxeetan saioak egingo ditue

Bizkaie! 2021-03-22 12:37   Musikea

Bagilera bitartean, 30 artistak hartuko dabe parte Musikariak Ikastetxeetan programan.

Inun, gitarrea joten, Musikariak Ikastetxeetan programearen aurkezpenean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal sortzaileen lana gazteen artean zabaltzeko programa barria ipini dau martxan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Musikariak Ikastetxeetan. Izenak berak dinoanez, musikari eta kantariak eskolarik eskola joango dira, euren lanaren barri emoteko saio laburrak DBHko eta Batxilergoko ikasleen aurrean egiteko. 

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Gotzon Barandiaran programa barriaren bultzatzailea eta Mikel Inunziaga, Inun, musikaria egon dira Musikariak Ikastetxeetan aurkezteko ekitaldian. Bertan azaldu dabenez, saio bakotxean barriketaldia egingo dabe artistek neska-mutilakaz, eta kantu batzuk jo. Euren sortze-prozesuaz eta ibilbideaz egingo dabe berba. 

Formakuntzea eta transmisinoa dira programa barriaren helburuak. Ikasleek ezagutza orokorra jasoko dabe azken hamarkadetako euskal kantagintzaz, kultura oso baten inguruko esperientzia, modu atseginean. Saioaren aurretik, gaia landuko dabe ikasgelan, Hezkuntza Sailak atondutako materiala erabilita, eta gai ugari aitatuta: euskal kantagintza barriaren sorrerea, euskal rock&rolla, folkaren loraldia, Rock Radical Vasco, trikitiaren modernotzea, 1990eko hamarkadako oparotasuna eta XXI. mendeko kantagintzea, besteak beste.

Ikastetxe bakotxean 90 minutuko saioak egingo ditu jagokon musikariak. Sormen prozesuaren alderdi guztiak azalduko deutsaz ikasleei, lehen berbak edo akordeak idazten dituanetik zuzenean jo edo diskoan plazaratu arte. Ikus-entzunezko materialagaz osotuko dau saioa, eta zuzeneko kantu batzuk joteko tartea hartu. 

Saioak hileon bertan hasiko dira, eta, bagilera bitartean, 92 hitzordu izango dira: 13 Araban, 48 Bizkaian eta 31 Gipuzkoan. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek zein Batxilergokoek hartuko dabe parte saiootan. Musikari edo kantariak, ostera, 30 dira, hona zerrendea:

Agustin Alkhat, Aneguria, Birkit, La Basu, Eñaut Elorrieta, Abereh, Estitxu Pinatxo, Amorante, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Jon Basaguren, Jon Gurrutxaga, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, Maite Larburu, Maria Rivero, Inun, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Paxkal Irigoien, Rafa Rueda, Thierry Biscary, Tristtan Mourguy, Xatiro, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu