Ane Legarreta: 'Geure burua erakustea falta jaku'

Koldo Isusi Zuazo 2021-03-22 07:55   Barriketan

ESAS, Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea sortu barri dabe ikusgaitasun zein eredu falteari aurre egiteko. Oraingoz musika sektoreko Ane Legarreta orkestra zuzendaria, Paula Olaz konpositorea eta Blanca Garcia de Amezaga, Garazi Navas, Laida Otadui, Mirari Etxebarria eta Natalia Sanchez musikariak dabiz beharrean. Kultura arloko beste sektore batzuetako emakumeakaz bat egitea be ez dabe baztertzen baina lehenengo pausuak baino ez ditue emon eta pozarren dagoz. Orain arte emondako pausu eta erronken barri galdetu deutsagu Ane Legarreta orkestra-zuzendariari.

1.- Emakumez osotutako orkestra bat sortzea izan da ESAS sortzeko atxakietako bat?

Bai, emakumez osotutako orkestra sinfonikoa sortzea da gure asmoa eta erronkea baina kontzertu formato ezbardinak be eskaini gura ditugu. Ekimen honek Euskal lurralde desbardinetako emakume musikari profesionalen taldea izan dau abiaburu. Taldean musikari profesionalak zein amateurrak dagoz, instrumentistak, konpositoreak, baita zuzendariak be eta badakigu danontzako zeregina egongo dala. Musika tresnei erreparauta, metal arloan emakume gitxi dabil, tubajole emakumeak be ez dira ugari. Gure artean erabili dogun gaia da musika klasikoaren arloan, zailtasunak dagozaola emakume erreferenteak topetako eta horixe izango da ESAS Sarearen erdigunea, musika klasikoa, hain zuzen be. Emakume musikarien bila hasita gagoz eta badakigu jakin laguntzinoa eta babesa beharko ditugula.

2.- Emakumearen ikusgaitasunik eza eta eredu faltea nabarmentzen dozue. Sortzaile profesionalentzako alkartea da ala amateurretzako be badago lekua?

Bai. Ikusgaitasunik eza eta eredu faltea danok antzemon geinken kontua da baina pausuak emotea nekagarria izan arren, zorionez egoerea aldatzen dago eta orain urte batzuk baino hobeto gabiz.

Ganerakoan, danantzako lekua dago Emakume Sortzaile eta Artisten Sarean, txiki zein handi, profesional zein amateur.

3.- Sare sortu barria zarie, lehenengo pausuak emoten zabizie baina batzeko lekurik badozue, diru-laguntzinorik?

Badago lana baina gogotsu, ilusino handiagaz gabiz eta Fair Saturday lako ekimen batzuen babesa be jaso dogu. Suspertu egiten gaitue holako laguntzinoek eta, duda barik, batzeko eta saioak, entseguak eta egiteko lekua beharko dogu.

Diru-laguntzinoei jagokenez, zer edo ha egin dogu baina bide luzea falta jaku arlo horretan.

4.- Orkestra sinfonikoetan emakume musikari gitxi dabil. Zergaitik?

Orain urte asko ez dala emakumeek ez eben orkestra sinfonikoetan parte hartzen. Datu legez baino ez bada be, 1994ra arte ez egoan emakumerik Vienako Orkestra Filarmonikoan eta orain, barriz, 27 urte aurrerago orkestrak zuzentzen zein musika tresnak joten agertzen jakuz emakumeak, % 30 inguru.

5.- Musikearen arloan, emakume zuzendari asko ez dago. Zelakoa izan da zure ibilbidea?

Ibilbideari ekin baino ez deutsat egin eta, esangura horretan, nire maisuek esaten deustie zuzendari bat 60 urtegaz edo jaioten dala [Barreka]. Emakume zuzendariak bagabiz beharrean baina, akaso, geure burua erakustea falta jaku eta horixe da ESAS Sarearen helburua, isilik, zarata handirik egin barik beharrean gabizanon lana zabaltzea, egunero jardutea horretan.

Zuzendari baten ezaugarriei jagokenez, komunikazinorako gaitasuna behar dau, musikari bakotxagaz konektetan, musikariak motibetan eta taldearen baloreak transmitiduten jakin behar dau, zuzendariak gidatu egiten dau taldea eta zeozelan lider izatea be ez da txarra.

Maila musikalean, Euskadiko Orkestrea zuzendu nebaneko momentua ez dot ahaztuko, Fernando Velázquezek moldatutako No Woman No Cry interpretau genduanekoa eta hortik gora, grabaketea egin ostean, Robert Treviño zuzendari titularrak proponidu eustan eskolak emoteko prest egoala eta zelan egingo deutsat uko holako aukereari. Denporatxua gabiz alkarregaz eta oso gustora nabil.

6.- Itxaso Sainz de la Maza pianista leioaztarra goi mailan dabil eta Ainhoa Arteta sopranoa bardin antzean...

Itxaso Sainz de la Maza hurrekoa da eta proiektura batzea pozgarria izango litzateke eta Ainhoa Artetaren gainean zer esango deutsut; tolosarra da eta munduan bizi da, urrun geratzen jaku baina zergaitik ez...

Zorionez, emakume eredu askoren babesa dogu eta ez bakarrik musikearen arlokoak, baita beste sektore batzuetakoak be; espezialidade artistiko ezbardinetako jentea gura dogu, argitaratzaileak, bikoizketa lanetan dabizenak, kudeatzaileak eta bestelakoak. Aliantzak eta indarguneak gura doguz.

7.- Zenbat jente zagoze sarean?

Pilo bat gara eta izenak gura badozuz, besteak beste, Natalia Sanchez, Nekane Diaz, Paula Olaz, Blanca Garcia de Amezaga, Mirari Etxebarria eta Garazi Navas nabarmenduko deutsudaz. Euskal lurralde guztietako jentea dabil gurean, baita Ipar Euskal Herriko jentea be eta horri esker egoerak eta gorabeherak ikuspegi askotatik aztertu ditugu.

8.- Zientzialari, ikertzaile, goi-kargu zein irakaskuntzan badagoz emakumeak eta kultura arloan be bai, idazle, aktore, bertsolari zein musikari lanetan baina gizon eta emakumeen arteko bardintasunerako asko falta da. Orain urte batzuk baino hobeto gagoz?

Bai. Pausu batzuk emon doguz baina asko dago egiteko. Zinemagintzan emakumeak polito dabiz eta ez edozelan, sariak eta autortzak jasoten dituelako.

9.- Zinemagintzan emakume zuzendari eta aktore piloa dabil. Sektoreko jenteagaz hartu-emonetan hasi zarie?

Bai. Badinotsut Goya sarietan Arantzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik lortu dabena txalotzekoa da eta pozarren gagoz, merezidu dabe eta ezagutzera emon gura ditugu. Zuzendari emakumeen kopurua be gogoan hartzekoa da, Marina Lameiro nafarra jatort burura, oraintsu Dardara, Berri Txarrak taldearen agurreko biran oinarritutako dokumentala egin dauena.

Beste alde batetik, zortzi Goya sari etorri dira Euskal Herrira, besteak beste, Emakumezko Aktore Barri onenaren saria, Jone Laspiur be ez dogu ahaztu behar.

Eta sarituakaz jarraituz, oraintsuko Feroz sarietan Patricia Lopez Arnaiz, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Loreto Mauleon saritu ditue.

Beatriz Arzamendi arrasatearra be hor dago, biolina joten ikasi eban Madrilen eta Konposizinoko Goi Mailako Irakasle (Ohorezko Aitamena), Orkestrako Zuzendaritzea, Abesbatzako Zuzendaritzea eta Biolin, Solfeo, Musikearen Teoria, Transposizino eta Laguntzailetza tituluak eskuratu zituan eta konpositore lanetan, ehun obra baino gehiago idatzi ditu.

Azken buruan, espezialidade artistiko guztiak gogoan hartzea da gure asmoa.

10.- Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea sortu barri, zein izango da emongo dozun hurrengo pausua?

Gure kontzertu bakotxean emakume konpositore bat ezagutzera emotea da asmoa. Horretarako hartu-emonetan gabiz, instrumentisteen bila gabiz eta leku bat, lokal bat beharko dogu batzarrak eta saioak, entseguak egiteko. Finantzazino bideak be aztertzen gabiz eta izenik esango ez badeutsut be, kultura zinegotzi batzuekaz batzeko hitzorduak ditugu eta, beraz, lan faltarik ez dogu izango. Hori bai gure barri behar eta gura dauanak jakin daiala sare sozialetan topauko gaituela eta laster baita lantzen gabizen webgunean be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu